Gaurko elkarretaratzean, bi gai nagusi izan dituzte hizpide. Batetik, esan dutenez, aurreikusten da eguazteneko Espainiako Diputatuen Kongresuak baliozkotuko duela pentsioei buruz Espainiako Gobernuak bultzatu duen lege-dekretua. Horri esker, “urtarrilean egindako pentsioen igoera edo eguneratzea 2025. urte osorako berretsi edo baliozkotuko da”.
LGS propioa
Hori modu positiboan baloratu badute ere, gogora ekarri dute pentsioen eguneraketa egin arren, ez dela berreskuratuko azken urteetan emandako “pentsioen erosteko ahalmenaren galera” eta “gutxieneko pentsioak miserian mantentzen” direla. Horregatik, uste dute gutxieneko pentsioak Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) parekoak izan beharko liratekeela.
Azken horrekin, LGSarekin lotuta, berriz, bat egiten dute Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalaren aldarrikapenarekin, alegia, EAEn zein Nafarroan LGS propioa izateko eskubidea defendatu behar dela.
Pentsiodunen Mugimenduaren ustez, Espainiako Ministroen Kontseiluak ezarriko duen 1.184 euroko LGSa “ez da nahikoa bizitza duina izateko, eta are gutxiago EAEko eta Nafarroako baldintza sozioekonomikoetan, batez besteko soldata altuagoa” dagoelako bertan eta “bizimodua garestiagoa” delako. Horrexegatik ikusten dute beharrezko LGS propioa izatea.