Gorako bidean

Erredakzioa 2025ko ots. 9a, 09:40

Atzo, zapatua, garaipen garrantzitsua eskuratu zuen Sorak etxean. Anaitasunari 2-0 irabazi zion eta horri eta aurreko bi partidetan batutako puntuei esker, sailkapeneko azken lekua laga eta gorako bidea hartu du taldeak. Gainera, atzokoan gehiago izan ziren etxekoak, goletan ez ezik, baita jokoan ere, eta horrek, taldearen konfiantza sendotzen du. Irudiak: Soraluze Futbol Taldea.

 

Atzo, Sorako mutilek lehen zatitik erakutsi zuten garaipen gose zirela eta behin eta berriz saiatu ziren Anaitasunaren sarea zulatzen. Hala ere, atsedenaldira zerona iritsi ziren. 

Baina bide beretik segitu zuten bigarren zatian ere, erasoan eta aukera ugari sortuz, eta, 70. minutuan etorri zen saria. Barrutiak alboko sakea egin eta bi toketan sartu zuten gola, buruz sartu ere Markel Gilek.

Horrekin nahikoa ez, eta partidaren azken minutuetan ere erasoan segitu zuten Sorako mutilek. Saiatu eta saiatu, azkenean bigarrena ere markatu zuten partidaren 90 minutuak gaindituta zeudela.

Atzera ere Barrutiak falta batean arearaino bidali zuen baloia. Hantxe zituen taldekideak errematatzeko zain eta Jon Perezek asmatu zuen bigarrengoa.