Oreka Art Gallery

Arvinder Bawa: “Ekuazioekin emaitza zoragarriak lor daitezke”

Egoitz Unamuno 2025ko ots. 7a, 11:00

Urtarrilaren 31tik ikusgai dago Arvinder Bawaren (1948, Gorakhpur, India) Naturaren geometria, Fraktalak izeneko irudi erakusketa Oreka Art aretoan. Hilabete amaierara arte izango dira ikusgai ordenagailuarekin egindako irudi ikusgarriak.

Joan zen barikutik ikusgai dago Arvinder Baware (1948, Gorakhpur, India) artistaren irudiekin osatutako Naturaren geometria; Fraktalak izeneko erakusketa. 

Bawarek azaldu zuenez, bera ingeniaria da lanbidez eta imagin guztiak “matematikaren bidez eta ordenagailuz” sortuak dira, ez margotuak: “Arte digitala matematika purua da. Ni ez naiz artista, ni matematikaria naiz. Nik ekuazioak bakarrik egiten ditut eta ekuazioekin emaitza zoragarriak lor daitezke”. “Hau edertasuna ikusteko beste modu bat da”, gaineratu zuen.  

Irudiak sortzeko ekuazio “bereziak” erabiltzen ditu: “Ezaugarri arraroak dituzten aldagaiak dira, aldagai normalek balio izaten ez duten lekuetan erabiltzen direnak. Milioika puntu dituzte eta puntu bakoitzak kolore bat jasotzen du, sortuko duen kaosaren araberakoa. Irudiak sortzean, emaitzaren atal batzuk interesgarriagoak dira eta aukeratutako horiek dira hemen ikusgai jarri ditudanak”.  

“Naturan gauzek ez dituzte lerro zuzenak” 

Fraktalak zer diren ere azaldu zuen: “Fraktalen gaineko ikerketek zerikusia dute hainbat gauzaren ertzak zein diren erabakitzearekin. Esaterako, non dago gure kosta errepresentatzen duen lerroa? Itsasoa dator eta badoa eta detailean begiratuz gero, ura eta lurra bereizten dituen lekua, lerroa, egiazki ez da lineala, ezin daiteke jarraia den lerro bezala marraztu eta detailera begiratuz gero, adibidez, txindurri baten begietatik, ikusiko luke lerro fraktala dela, proiektate fraktalak dituela. Hori matematikoki errepresentatzea oso zaila da. Horregatik deitu diot ‘Naturaren geometria’. Naturan gauzek ez baitituzte lerro zuzenak edo zirkularrak, zehazki. Hortik dator fraktalen ideia, propietate hori azaltzeko beharretik sortu da”. 

Gernikari eskainitako irudia

Erakusketan, badago irudi bat Gernikari eskainia eta horren historia ere esplikatu zuen. Duela 10 urte, Marisol emazteari (hura ere artista da) eta biei gonbitea egin zieten Gernikaren gaineko erakusketa batean parte hartzeko.  Obra horretan, Gernika suntsitu zuteneko argazkiaren gainean, koloretako forma geometriko berezi bat ageri da, “itxaropena” irudikatu nahi duena. “Irudia sortzeko baliatu nituen Gernikarekin zerikusia zuten hainbat kontu: bonbardaketaren data, zenbat pertsona hil ziren… Ahalegindu nintzen hainbat modutan ea atera nezakeen grafikoren bat zentzu bat izango zuena eta halako batean atera zitzaidan hau eta iruditu zitzaidan irudi honek iradokitzen zuela zerutik zetorren zerbait edo energia bat adierazten duena Gernika berriz jaioko dela, esperantza”.