Nondik nora

Vanesa eta Camilo: "Bizitzak lekurik onenean ipini nahi izan gintuen"

Ubane Madera Zangitu 2025ko ots. 8a, 09:05

Vanesa eta Camilo.

Soraluzera "bizitzak ekarri" zituela diote Camilo Lopez (Bogota, 1996) eta Vanesa Orozco (Santuario, 1997, Bogotan hazita) kolonbiarrek. 2022ko azarotik bizi dira hemen, baina berez, Valladoliden bizitzeko plana zuten Europara etorri zirenean. Soraluzetik gauza asko dituzte gustuko, mendia, bidegorria, pertenentzia sentimendua, kokalekua, jendea…

Zela amaitu duzue Soraluzen bizitzen?

Valladolidera iritsi ginen. Internetez gela bat topatu genuen errentan. Hilabetez egon ginen han. Baina Valladoliden, Polizia Nazionalak ez zuen hitzordurik. Esan ziguten Euskal Herrian -Donostian eta Gasteizen- bazituztela hitzorduak eta Donostiara etorri ginen. Ezusteko ederra izan genuen. Bizitzak lekurik onenean ipini nahi gintuen. 

Dena den, Donostia eta Soraluze ez dira gauza bera…

Zerbait errentan hartzeko bila ibili ginen eta Soraluze oso ekonomikoa zen. Guretzat Donostiatik oso gertu zegoen, 40-45 bat minutura. Pentsa, Bogota alderik alde gurutzatzeko bi ordu behar dituzu han ez baitago metrorik. 

Soraluzera iritsi eta ze inpresio?

V: Ikusi nuen lehena mendia eta berdetasuna izan zen. Ez nuen hori espero. Bogota ere oso menditsua da eta Soraluzek mendiarekin lotzen nau.

C: Gauez iritsi ginen eta hurrengo egunean hasi ginen herria ezagutzen. Gabolatsetik kiroldegiko pasealekura joan ginen. Oso kirolzaleak gara eta kiroldegia ikusi genuen bertan. Barrura sartu eta gimnasioraino iritsi nintzen. Handik irten eta kanpoan zegoen paisajea ikusi eta bideoa egin nuen, Batzokia, ibaia… Gero kalez kale ibili ginen, kale gutxi zituela ikusi genuen. 

Azaroan iritsi zineten. 

C. Bai. Bogotan urte osoan egiten du hemen azaroan moduan; ni praka-motzetan ibiltzen nintzen, han moduan. Jendeak esaten zuen: hau iparraldekoa da. Etorri eta hilabetera ezagutu genuen bidegorria. Ordura arte, mendira joaten ginen. Karakatera lehen aldiz igotzea bost ordu kostatu zitzaigun, baina izugarri polita da. 

V: Gaztañerren iritsi ginen. Ez genuen ezer ulertzen. Hemengo kultura testuinguru barik ikusten ari ginen. Gero ya testuingurua ulertzen joan gara.  

Elkarren artean, berriz, zelan ezagutu zineten?

Sare sozialen bitartez. Vanesak eta biok argazkiak ateratzen ditugu. Instagramen hasi ginen argazkiei buruz berbetan. Vanesak kamera profesionala zuen eta erakusten hasi zitzaidan. Liburutegira joan ginen eta horrela hasi ginen. Berak argazkilaritza erakusten zidan eta nik kirola. Vanesa ikasketez kazetaria da eta ni prestatzaile fisikoa -hemen IVEF—

Oso gazte ausartu zarete jaioterritik irtetera…

C: Gazte izatea da migratzeko arrazoietako bat. Energia behar da. Bestalde, han genituen sustraiak oraindik ez ziren horren sakonak eta arrazoi ekonomikoak ere bazeuden, ez genuen itxaron nahi gure herria aldatu arte. Bizitza kalitatearengatik etorri ginen. Oraindik bidea egiten ari gara, baina orain artekoak merezi du. 

V: Guretzat kalean lasai egotea, gauez ere bai, telefonoz berba egin ahal izatea inork lapurtu gabe, lanean ordutegi finkoak izatea, autobus zerbitzua… Zuentzat oinarrizkoak direnak eta inkluso horren ondo ez daudenak -autobusak- guretzat luxu bat dira. 

Zer gustatzen zaizue gehien Soraluzetik? Eta gutxien?

C: Gehien bidegorria eta mendia eta EAEkin duen konektibitatea. Gutxien, Elgoibar ingurura joateko dagoen garraio publiko eskasa. Beti egin behar da transbordoa edo itxaron. Eta gutxien, baita ere, Soraluzen dauden abandonatutako lekuak, kanoi fabrika, etxe batzuk… Horrez aparte, asko gustatzen zait hemengo jendearekin berba egitea eta dauden ekintza kultural mordoa. Oso herri txikia da baina astebururo dago zerbait. Bestalde, itsasoarekin maitemindu ginen, horren gertu dago… Kolonbian kostaldera joateak kostu handia dauka. Nik Deban ikusi nuen itsasoa lehen aldiz. Azaroa zen eta hotz egiten zuen baina bainatu egin nintzen.

V: Bogota oso hiri hotza eta euritsua da. Alturaren arabera aldatu egiten da, hotzago ala beroago, baina urte osoan da udazkena; Bogotaren lekurik baxuena 2.500 metrora dago eta altuena 3.000 metrora. Beraz, gustatzen zait urtaroak egotea. Ikustea leku berbera zelan aldatzen den urtaroetn arabera. Janaria ere bai. Oso gauza gozoak daude. Guk etxean hemengo eta hango janarien nahasketa jaten dugu. Oso zaila da bakarra aukeratzea. Oso gustuko ditugu torrijak, adibidez.

Soraluzez aparte, ingurua ere ezagutzen duzue, ezta?

C: Euskadi osoa ezagutzeko erronka dugu. Gipuzkoako kostalde osoa ezagutzen dugu, Bizkaia gutxiago, baina ari gara; Arabarekin dugu zorrik handiena, garraio publikoko konexio gutxiago dagoelako. Soraluzen bizi gara, baina bizimodua Euskadi osoan egiten dugu. Egun bakarrean Euskadiko oso leku ederretara joan zaitezke oso erraz. Jendeak normal ikusten du ingurua baina guretzat inpresionantea da.

V: Euskadi bi modutara ari gara ezagutzen. Batetik egunean bertan pentsatzen dugu nora joan, autobusak begiratu, bokadiloak prestatu eta hara joaten gara egun-pasa. Bestetik, Euskadin astero daude, gutxienez, bi leku lasterketekin. Haietara joaten gara. Turismoa egiteko oso modu dibertigarria da. Korrikalariek euskaraz hitz egiten digute eta ikasi ditugu hitz batzuk. Lasterketarik arraroena Urrestillakoa izan zen, oso-oso euskalduna. 

C: Bestalde, Soraluze bera ere osorik ezagutzen genuela uste genuen, baina ez. Urte amaieran ezagutu genituen Irukurutzetara joateko bidezidorrak, edo herriko kale batzuk. Oso gustura gaude hemen. Uste dut Soraluze estrategikoki oso ondo kokatuta dagoela, erdi-erdian, hiru hiriburuetatik antzerako distantziara eta horrek erdian dauden herritxoak ezagutzeko aukera ere ematen du. Horrez aparte, herrian pertenentzia sentimendu handia dago. Askok nahi dute bertan bizi soraluzetar sentitzen direlako.

Oso integratuta zaudetela dirudi, gimnasioan, Alberto Ramirezen galerian, Edurtzan lanean…

Herriak oso ondo hartu gaitu. Ahalegintzen gara ekimen kulturaletan parte hartzen eta adinekoekin egotea oso gustuko dugu. Bogotan adinekoenek 40-50 urte dituzte edo bestela gurasoak edo senideak dira. Hemen adinekoekin hitz egiten dugu lagun modura, bizi-aholkuak ematen dizkigute… Herria gustuko dugu, pertenentzia sentimendua, mendiak, gastronomia… Iaz, adibidez, lehen Gazte Bazkarian parte hartu genuen. Etorkizunerako nahiko genuke integrazio laborala, egonkortasun handiagoa emango diguna. Lan egin eta gure zaletasunak -kirola, argazkilaritza…- izaten lagako diguna. Baina prozesu bat da eta denbora behar du. Bidean goaz, agobiatu barik, etorkizunean batzeko ereiten ari gara.