Atzo iluntzean, eguaztena, 2024ko urteko jardunaren eta elkartearen egoera ekonomikoaren deskargua egin zuen Baso Biziak elkarteak batzar orokorrean. Oro har, oso datu positiboak partekatu zituzten eta adierazi zuten martxa onean doala elkartea.
Datuei begiratua eginez, 2024ko urtarriletik azarora bitartean egindako landaketetan, 1.266 zuhaitz landatu zituzten, gehienak haritzak, bertako klimara eta ezaugarrietara ondoen egokitzen den zuhaitz mota baita. Dena den, harekin batera, urkiak, lizarrak, elorri beltzak eta zuriak eta bestelako espezie batzuk ere landatu dituzte.
Landaketetan parte hartzeko deia
Landaketetan, 117 boluntariok parte hartu zuten. Esan zutenez, zentzu horretan urri samar ibili izan dira batzuetan, Zuhaitz Egunean eta eskolarekin lotutako hitzorduetan izan ezik. Hala, dei egin diete elkarteak dituen 107 bazkideei landaketetan parte har dezaten.
Horrez aparte, 2024an, 4 hektarea lursail erosi dituzte Gastandolan eta Sagar Errekan beste 8 hektarea erosteko paperak notaritzan dituztela esan zuten. Oro har, Sagar Errekan, guztira, 14 hektarea lursail erosi nahi ditu Baso Biziak elkarteak. Oraingoz, guztira, 37,02 hektarea ditu erosita.
Kontu ekonomikoei dagokienez, osasuntsu dago elkartea. Puntu honetan, eskerrak eman zizkieten Soraluceri eta Udalari emandako dirulaguntzengatik eta Lurgaiari elkarlanarengatik.
2025ari dagokionez, berriz, orain arteko bidetik segituko dutela adierazi zuten. Urteko lehen landaketak egin dituzte, azkena otsailaren 5ean. Eta martxo-apirilean izango dira hurrengo hitzorduak, buelta horretan egingo baitute Zuhaitz Eguna eta ibai garbiketa, besteak beste.