Pentsioei buruzko lege dekretu berria Kongresuaren onespenaren zain

Ubane Madera Zangitu 2025ko ots. 4a, 17:41

Atzo, astelehena, Espainiako Gobernu Kontseiluak pentsioei buruz adostu duen lege dekretu berria izan zuten hizpide pentsio duinen aldeko elkarretaratzean. Jakinarazi zutenez, lege dekretua onartu ondoren, otsaileko pentsioek eguneratuta egon beharko dute, urtarrilekoak egon diren moduan. Dena den, legeari onespena eman behar dio oraindik Espainiako Kongresuak.

Atzoko elkarretaratzean emandako xehetasunen arabera, “dekretu berriak jasotzen duenez, besteak beste, pentsioen gehiengoa %2,8 igoko da. Pentsio minimoak eta kotizazio gabekoak %6 eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrera %9”.

Dena den, legeari onespena eman behar dio Espainiako Kongresuak eta 30 egun baino gutxiago ditu hori egiteko.

Gutxieneko pentsioa eta beste

Dekretu berria onartuta ere, atzo azpimarratu zutenez, “Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, Estatuko Herri eta Erkidegoetako plataformekin batera, honako aldarrikapenak egiten jarraituko du: galdutako eros-ahalmena berreskuratzea, gutxieneko pentsioa gutxieneko soldataren parekoa izatea, Gizarte Segurantzako auditoretza egitea, 40 urte baino gehiago kotizatu dutenak ez zigortzea eta genero arrakala ezabatzea”.