Gaur, Ohorezko Mailako Euskal Ligako lidertza jokoan izango da Araneko frontoian

Ubane Madera Zangitu 2025ko urt. 31a, 10:54

Gaur, barikua, Soraluzeko Pilota Elkarteko Infantil zein Ohorezko mailakoek partidak jokatuko dituzte Araneko frontoian. Bigarrenen kasuan, gainera, Euskal Ligako lidertza dute jokoan Balerdik eta Etxanizik. 20:00etan hasiko da Ohorezko Mailako partida.

Gaur, bi pilota partida jokatuko dituzte Araneko frontoian. Infantil bigarren mailakoak izango dira kantxaratzen lehenak, 19:15ean. Izei Muguruzak eta Peio Nogalesek Lazkaoko bikoteren kontra dute gaurko hitzordua.

20:00etan, berriz, Ohorezko Mailako Euskal Ligako lidertza irabazteko lehia izango da Soraluzeko elkarteko Etxaniz eta Balerdi bikotearen eta Dimako Rekalde eta Bernaola bikotearen artean.

Aitor Atxotegi Soraluzeko Pilota Elkarteko arduradunak esandakoaren arabera, Dimako bikotea afizionatu mailan dagoen onenetakoa da eta ligako hiru partida dituzte irabazita. Baina Soraluzeko elkarteko bikoteak ere hiru partida ditu irabazita euskal Ligan eta biak ala biak berdinduta doaz sailkapenean, lehen eta bigarren lekuan, beraz, hitzordu inportantea dute aurrez aurre.

Elkarteko gainerako pilotariek kanpoan dituzte asteburuko hitzorduak.