Gaurtik, garraio publikoa doan izango dute 12 urtetik beherakoek

Ubane Madera Zangitu 2025ko urt. 30a, 11:50

Gaurtik, urtarrilak 30, 12 urtetik beherakoek doan bidaiatu ahal izango dute MUGI sistemako garraio publikoko operadore guztietan, autobusetan, trenetan, tranbietan edo metroan. Astelehen honetan eman dio argi berdea neurri horri Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA). Doakotasunaz baliatzeko, hori bai, MUGI txartela izan beharra dago. Orain arte, 6 urtera arteko umeek izan dute garraio publikoa doan.

Garraioaren lurralde agintaritzatik helarazitako xehetasunen arabera, doakotasun horretaz baliatzeko, erabiltzaileek nahitaez MUGI txartela pertsonalizatua izan behar dute. MUGI Gazte G Txartela ("gazte" txartela deitua ere) duten adingabeek ez dute inolako izapiderik egin behar. Beraz, MUGI txartel pertsonalizatua ez duten 12 urtetik beherakoek bakarrik eskatu beharko dute txartela, doan bidaiatzeko.

Txartela eskatzeko

Txartelaren eskaera bi modutara egin daiteke: modu telematikoan edo aurrez aurre egin daiteke. Dena den, tramiteak errazteko, online egitea gomendatu dute agintaritzatik, helbide honetan: solicitudes.atgipuzkoa.eus:8453.

Horrekin batera, zelan jokatu ere esplikatu dute, autobus konpainiaren arabera:

  • Lurraldebus: Adingabeek gidariari beren "gazte" txartela erakutsi beharko diote, eta gidariak doako paperezko txartela emango die. Irun, Errenteria, Eibar, Zarautz, Arrasate, Hernani, Tolosa, Lasarte-Oria, Oiartzun eta Oñatiko hiribusak: Prozedura Lurraldebuseko autobusen berdina izango da.
  • DBus: DBus autobus flotaren txartel balidatzaileak otsailaren 10erako prest egongo dira adingabeen doakotasunarekin funtzionatzeko. Data horretatik aurrera, erabiltzaileek normaltasunez balidatu besterik ez dute egin beharko autobusera sartzean. Ordurarte, Dbus-ek luzatutako argibideak jarraitu beharko dituzte.
  • Euskotren: Erabiltzaileek sarrera eta irteera tornuetatik ohiko moduan txartela balidatu besterik ez dute egin behar.
  • Renfe Aldiriak: Sistemak automatikoki funtzionatuko du, eta, erabiltzaileek txartela balidatu besterik ez dute egin behar pasatzerakoan.
  • Pasaiako motora: Motoran sartzean, erabiltzaileek "gazte" txartela erakutsi beharko dute, eta doako paperezko txartela emango zaie.

Gainerakoek %50eko beherapena

12 urtetik beherakoen doakotasunari ez ezik, Garraio Agintaritzak argi berdea eman dio, baita ere, gainerako erabiltzaileendako aplikatzen den beherapenari eusteko erabakiari. Hartara, Espainiako Gobernuak aplikatzen duen %30eko beherapenari EAEko gobernuak aplikatzen jarraituko duen %20a gehitu eta guztira, %50eko beherapena izaten jarraituko dute garraio publikoaren erabiltzaileek.