Dagoeneko 275 sinadura batuta

Ubane Madera Zangitu 2025ko urt. 29a, 09:13

Herritarrak sinatzen, astelehenean.

Soraluzeko Pentsiodunen Mugimendua oso pozik dago Herri Ekimen Legegilearen aldeko sinadura bilketak jasotako erantzunarekin. Dagoeneko 275 herritarrek sinatu dute. Soraluzeri 250 sinadura batzea dagokio, beraz, muga gainditu dute. Dena den, 305 sinadura batzeko pleguak ditu Soraluzeko Pentsiodunen Mugimendua eta herritarren eskaerak tarteko, gehiago eskatzea aztertzen ari da, beraz, sinadurak batzen segituko dute. 

Astelehenean, bigarren egunez batu zituzten Herri Ekimen Legegilearen aldeko sinadurak. Eta bi egun horietan, Soraluzerendako ezarritako 250 sinaduren muga gainditu eta 275 herritarrenak jaso dituzte. Pentsiodunen mugimendutik esandakoaren arabera, eurek dituzten pleguetan 305 sinadura kabitzen dira, beraz, batzen segituko dute. Eta posible ikusten dute 305 horiek jaso ostean, gehiago ere jasotzea.

Sinadurak batzeko, mahaia jarriko dute astelehenetan, elkarretaratzea baino lehen, 11:30ean eta 13:00ak arte izango dira sinadurak batzen.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Legebiltzarrean aurkeztu duen Herri Ekimen Legegilearen bidez, nahi du bermatu legez gutxieneko pentsioak 1.080 euroraino osatuko direla.