Atzo eguerdira arte, hockey jokalariz eta zalez bete zen Arane kiroldegia. Marras Irristaketa Taldearen eskutik, Soraluze Hockey Ligako egoitza izan zen benjamin mailan. Bestela esanda, hemen jokatu zituzten ligako partida guztiak.
Marras Irristaketa Taldearen kasuan, bi partida jokatu zituzten benjaminek, biak ala biak Bergarako Burdinola taldearen kontra. Iraitz Ibarzabal entrenatzailearen esanetan, hockeyan aritzen diren lehen urtea dute eta “oso maila onean ari dira eta gustura. Ondo pasatzen eta jendea ezagutzen”.
Horrez aparte, Marraseko alebinek ere izan zuten jokatzeko aukera, lagunartekoa egin baitzuten Etxanoko Hot Shots taldearen kontra. Ibarzabalek esan duenez, “haiek ere emaitza onak eskuratzen ari dira, bai ligan eta baita orokorrean ere”.