Atzo, poza nabarmena zen Sorako Erregional mailako taldeko futbolariengan. Aurtengo lehen denboraldiko joaneko fasean ezinean ibili ondoren, bueltako lehen partida 2-1 irabazi zuten Zumaiakoren kontra eta gainera, oso partida ona eta intentsua jokatu zuten, batik bat, lehen zatian.
Ekin eta ekin
Zelairatu eta segituan, Sorak erasoan jardun zuen, bisitarien atea zulatzeko ahalegin betean. Saiatu eta saiatu, aukera asko sortu zituzten eta azkenean lortu ere egin zuten. 31. minutuan egin zuten lehen gola. Lander Zubizarretak sareratu zuen baloia, Antxon Zubiaurreren asistentzia bikaina baliatuta.
Hortik gutxira etorri zen etxekoen bigarren gola. Gainera, euren kontrako eraso batean hasi zen jokaldia eta alderik alde baloia eraman eta Eneko Felixek lortu zuen bigarren gola, atsedenaldirako minutu gutxi falta zirela.
Defentsa indartuta
Markagailua 2-0 aldekoa izanik eta garaipen beharra aintzat hartuta, horri eusteko asmoarekin zelairatu zen Sora bigarren zatian. Posizioak atzeratu eta defentsa-lanak indartu zituzten. Noski, orduantxe izan zituzten zumaiarrek partidako aukerarik handienak eta halako batean asmatu zuten Sorari gola ere egiten. Baina zumaiarrak ez ziren nahikoa izan etxekoan defentsa erabat apurtzeko eta azkenean, 2-1 eginda bukatu zuten partida.
Gainera, hirugarren gol bat ere egin zuen Sorak, baina epaileak baliogabetu egin zuen, jokoz kanpo zela adierazita.
Kontuak kontu, Ligako buelta garaipenarekin hasi du Sorak.