Bihar, zapatua, Sorako Gorengo Erregionalak eta Zumaiako B taldeak neurtuko dituzte indarrak Ezoziko futbol zelaian, 16:30ean.
Denboraldi hasiera gogorra izan zuen Sorak —lehen partidatik hasita, Zumaiako beraren kontra hiru eta huts galduz— eta orain sailkapeneko azken postuan dago. Baina ez dago guztia galduta eta are gutxiago asteburuko partida. Zumaiakok 2-3 goleko aldearekin irabazitako partidak izan ditu, baina guztiak etxean izan dira. Bigarren partidatik hasita, Sorari etxean irabazi ostean, Segura bisitatu eta 3 gol egin zizkion honek, 3-1 galduz. Etxez kanpoko hurrengo partidan ere, 3-0 galdu zuen Lagun Onak B-ren kontra eta, handik gutxira, beste 3-0 bateko porrota Idiazabalgo zelaian.
2025 urte hasierari dagokionez, jokatutako bi jardunaldietan galdu dute talde biek; baina, Soraren kasuan, partida onak egin ditu: Zarautzen, saiakera dezente izan arren, ez zuen zorterik izan eta 1-0 galdu zuen. Pasa den domekan, Eibartarrak-en kontra lehiatu zen, lehen gola Sorak lortu zuen (bigarren zatian, 75'), baina gutxira bigarrena jaso zuten kontran (82'). Partida berdinketarekin amaitzear zela, ordea, epaileak penaltia adierazi zuen (90'+2') eta hala lortu zituzten eibartarrek hiru puntuak. Zumaiakok aurtengo lehen partida etxean jokatu eta 0-3ko porrota izan zuen Ordiziaren aurka; eta pasa den asteburuan, sailkapenean azpitik zegoen Ilintxaren kontra jokatu eta 2-0 galdu zuen.
Hortaz, zumaiarren azken bolada txar hori kontuan hartuta, denboraldi osoan zehar etxetik kanpo erakutsi duten 'ahulezia' ikusita, Ezozin jokatuta eta zalegoaren babesa izango duela jakinda... aukera polita du Sorak, bihar hasiko den bueltako partidan, denboraldi kaskar samar honi buelta emateko.
Talde guztien emaitzak eta egutegia Plaentxia.eus-eko Soraren blogean.