Greba gehiago egingo dituzte Avanza autobus enpresako langileek

Ubane Madera Zangitu 2025ko urt. 23a, 17:05

Gaur, eguena, Avanza enpresako Langileen Batzordea elkartu da berriro eta erabaki dute, enpresarekin ez bada akordiorik adosten, greba gehiago egingo dituztela. Hori bai, marjina eman diote enpresari eurekin harremanetan jarri eta zerbait planteatzeko, greba deialdi berriak otsailaren 27rako eta 28rako eta martxoaren 1erako, 2rako eta 3rako baitira.

Aste honetako astelehenean bukatu dute azkeneko grebaldia Avanza enpresako langileek, ia %100aren jarraipenarekin. Zapatuan, domekan eta astelehenean izan dira greban.

Hala ere, oraingoz, enpresako ordezkariak ez dira berriro langileen ordezkariekin harremanetan jarri eta gaur, eguena, elkartu da Langileen Batzordea egoera aztertzeko.

Bost eguneko greba

Bada, protestan segituko dutela erabaki dute batzordean. Hain justu, Langile Batzordeko ELA sindikatutik esandakoaren arabera, enpresarekin ez bada akordiorik adosten, beste bost egunez egingo dute greba, otsailean hasita. Datak zehaztu dituzte: otsailaren 27an eta 28an eta martxoaren 1ean, 2an eta 3an.