EAEko bizilagunen gutxieneko pentsioak 1.080 eurokoak izatea bermatuko duen osagarria eskatzeko aurkeztu zuen pentsiodunen mugimenduak Herri Ekimen Legegilea Legebiltzarrean joan den irailean.
Orain, Herri Ekimen Legegilea babestu eta bultzatzeko ekimenak egiten hasi dira. Astelehenean, hura babesteko sinadura bilketa egiten hasi ziren eta datozen asteotan segituko dute sinadurak batzen. Zentzu horretan, ohartarazi zutenez, HELaren alde sinatzeko, norberaren datuak nortasun agiriak dakartzan modu berberean adierazi behar dira, bestela sinadura plegu osoa baliogabetuko dute.
250 pertsona ezagun
Sinadurak batzeaz batera, ordezkari politikoen zein sindikalen babesa lortzeko kanpaina egiten ere ari dira. “Kontsekuenteak izan daitezen eta Legebiltzarreko osoko bilkuran bozka dezaten tramitera onartzearen alde”. Eta iragarri zutenez, “laster, ekitaldi publiko bat” egingo dute Bilbon, “non, EAEko berrehun eta berrogeita hamar pertsona ezagun baino gehiagok” ekimenari babesa adieraziko dioten.
Hilean 850 euro
Herri Ekimen Legegilea babesteko emandako arrazoien artean, besteak beste, gogorarazi dute “Euskal Autonomia Erkidegoan hiru pentsiodunetik batek LGSa Lanbide arteko Gutxieneko Soldata baino diru-sarrera txikiagoak” dituela, “eta % 70 emakumeak” direla. “Gehienek hilean 850 euro baino gutxiago jasotzen dituzte, eta hori ez da duintasunez bizitzeko behar beste diru. Lan diskriminazioak eta baloratu eta ordaindu ez diren adingabeen eta menpeko senideen zaintza lanetan aritzeak azaltzen dute zergatik emakume pentsiodunek dituzten diru-sarrerarik baxuenak”.