Somabe lantegia itxi dute (eguneratua)

Egoitz Unamuno 2025ko ots. 1a, 10:55

Urtea amaitzearekin batera, Somabe SLL lantegiak bere jardun komertziala eten du eta ixteko prozesuari ekin dio. Enpresak 18 langile izan zituen 2024an zehar. 

20 urteko ibilbidearen ostean, Somabe SL (Soraluzeko Makina Bereziak), makina erremintaren arloan ziharduen lantegiak ateak itxi ditu. Enpresako iturriek adierazi dutenez, "automozioaren sektoreko krisi eta ziurgabetasun egoerak" behartu du enpresa ixtera: "Ziurgabetasun egoerak inbertsioak murriztu ditu eta guk ezin izan dugu gehiago itxaron".

Somabek abenduan eten zuen jardun komertziala eta ondorioz, langileak langabezira joan ziren baina prozesua "modu orekatuan eta langile guztien elkartatasunarekin" bideratu da. "Zorionez", dagoeneko lortu dute "langileen %90a" beste enpresa batzuetara berbideratzea, gehien gehienak koalifikazio handiko langileak direlako.

Enpresako lan-taldeak eskerrak eman nahi dizkie urte guztiotan hornitzaile, bezero edo bestelako laguntzaile izan diren enpresa, pertsona eta erakundeei.  

Ibilbide luzea 

Enpresa langileek erosi eta Somabe SLL modura bere ibilbidea egin aurretik, lantegiak ibilbide luzea egin zuen familia enpresa gisa. Lehenik, Etxebarri izenarekin jardun zuen Sagar Errekako industrialdean eta ondoren, 90eko hamarkadatik aurrera, Etxehun izenarekin, Estaziñoan zegoen lantegian. Azkenik, Mendiola industrialdera aldatu zuten ekoizpena eta hantxe jardun dute azkenengo hogei urteetan, itxi duten arte.