Eibarren, ohitura dute urtero kirol modalitate edo kirol klub bakoitzeko kideren bat saritzeko. Eibarko Kirol Sariak izenarekin, 29. edizioa izan da egin duten azkena. 2024aren azkeneko egunean egin zuten eta 30 sari entregatu zituzten, horietako bat Soraluzeko Marras Klubean lerro-hockeyko jokalaria den Aiora Ballesteros gazteari eman zioten.
Marraseko presidente Arrate Gisasolak esplikatu duenez, Marrasek bidalitako bideo baten harira jakin zuen …EtaKittok Plazentzian lerro-hockeyko taldea ere bazegoela eta pare bat eibartar zebiltzala bertan. Lerro-hockeya moduko kirol “txikiak” ere kontuan hartu nahian, erabaki zuten Aiora Ballesteros izatea 29. Eibarko Kirol Sarietako 30 saridunetako bat.
2019tik Marrasen
Ekitaldia abenduaren 31n egin zuten Eibarko Coliseo Antzokian. Marrasek presidente Arrate Gisasola ere izan zen bertan, berak eman baitzion saria Ballesterosi. Azken horri dagokionez, Ballesteros Marras Kluba ofizializatu zenetik dabil bertan, 2019tik. Besteak beste, 2023an, Euskal Herriko Irristaketa Selekzioarekin ere ibili zen.