Bihar, pilota jaialdia Araneko frontoian

Ubane Madera Zangitu 2025ko urt. 16a, 17:30

Bihar, barikua, 19:00etan hasita, pilota jaialdia izango da Araneko frontoian, hiru eskuz binakako jokatuko baitituzte. Alebin mailakoak kantxaratuko dira lehenengo, Infantilak etorriko dira ondoren, eta jaialdia borobiltzeko, Ohorezko Euskal Ligako nagusiek jokatuko dute eskuz binakakoa, Ander Etxanizek eta Manex Balerdik Hernaniko Apaolaza-Lizeaga bikotaren kontra.

Bihar, 19:00etan, Gipuzkoako txapelketako bi partida jokatuko dituzte Soraluzeko Pilota Elkarteko pilotariek. Alebinen bigarren mailakoak izango dira lehenak, Eritz eta Aratz Eibarko bikotearen kontra.

Haien ostean, Infantil mailakoek izango dute norgehiagoka; kasu honetan, Unaxek eta Ekainek jokatuko dute, Lazkaoko bikotearen kontra.

Estelarra

Azkenik, partida estelarra Ohorezko Euskal Ligakoa izango da. Kasu horretan, Ander Etxaniz bergararrak eta Manex Balerdi antzuolarrak jokatuko dute Soraluzeren izenean Apaolaza-Lizeaga Hernaniko bikotearen kontra. Aurreikuspena da partida hori 20:00ak aldera izatea. Etxanizek eta Balerdik ligako azken partida joan den asteburuan jokatu zuten Atarrabian eta 16-22 irabaztetik datoz.

Kanpoan

Osterantzean, bihar baina Aretxabaletan, Soraluzeko Pilota Elkarteko Izei Muguruzak eta Peio Nogalesek Debagoieneko bikotearen kontra jokatuko dute 19:00etan, eta, azkenik, zapatuan, Oñatin jokatuko dute Aitor Agirrek eta Sugoi Zubizarretak txantxikuen kontra; azken horiek zapatuko hirugarren partida jokatuko dute. Zubikoan, 16:30ean hasiko dira partidak.