Greba deialdiak eskolarako eta instituturako

Ubane Madera Zangitu 2025ko urt. 18a, 09:05

Urtarrilean eta otsailean 12 greba egun deitu dituzte Hezkuntza Publikoan bertako sektore desberdinei zuzenduta. Datorren asterako da lehen deialdia, irakasleei zuzendutakoa. LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek deitu dituzte protestak eta Soraluzeri dagokionez, Plaentxi Eskolako zein Soraluze BHI Institutuko irakasleei zuzendutako deia da. Ikastetxeetan datorren astean landuko dute gaia.

LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek Hezkuntza Publikoaren baitan dauden zerbitzuetarako greba deialdiak egin dituzte. Lehenengo, irakasleak deitu dituzte protestara, datorren asteko eguaztenean eta eguenean, urtarrilaren 22-23an eta ondoren, otsailaren 26-27an.

Ondoren, Haurreskoletako langileei egin diete deia, urtarrilaren 28-29rako eta otsailaren 12-13rako.  Azkenik, sukaldeetako eta garbiketako langileak deitu dituzte grebara, urtarrilaren 30-31n eta otsailaren 19-20an.

Hezkuntza Publikoa erdigunean

Oro har, sindikatuek Eskola Publikoa “erdigunean” jartzeko eskatzen diote Eusko Jaurlaritzari, 2010etik berritu gabe duten hitzarmena eguneratzea, eta hezkuntza publikora bideratzen den inbertsioa handitzea, “langileen eskubideetan ematen dari den urraketa geldiarazteko”.

Eskaera zehatzei dagokienez, berriz, honako hauek nabarmendu dituzte:

  • Lan-zamak arintzea.
  • Gazteberritze planak.
  • Eros-ahalmena berreskuratzea.
  • Enplegua egonkortzea eta bermatzea.
  • Ordezkoen lan baldintzak hobetzea.
  • Lizentziak eta baimenak hobetzea.
  • Lan-osasun, berdintasun eta euskara planak garatzea.