Sorako jubenilak igoera fasera

Erredakzioa 2025ko urt. 14a, 14:15

Joan den asteburuan liderrari 2-1 irabazi ondoren, aste honetan Sorako jubenilak dira ligako lider. Zapatuan jokatuko dute lehen faseko azken partida eta irabazten badute, lehenengo postuan sailkatuko dira Igoera Fasera. Iokin Arrillaga entrenatzaileak esandakoaren arabera, “nahiko liga polita” egin dute eta “ikusita jokalariak eta taldea” igotzeko aukerak badituztela uste du.

Sorako jubenilek abenduaren 22an lortu zuten Igoera Faserako txartela, Elgoibarko Mintxetan. Baina pasa berri den asteburuan loratu egin zuten hori, liderrari, Aretxabaletako UDA taldeari 2-1 irabazi ostean.

Orain, ligako azken partida faltan, Sora da lider eta indar horrekin zelairatuko da zapatuan Ikasberriren kontra jokatuko duten partidan, haien etxean, Azpeitin, 15:30ean. Irabazten badute, lider bezala sailkatuko dira Igoera Fasera. Orain arte, bederatzi partida irabazi eta bana berdindu eta galdu egin dituzte jubenilek.

Gorengo mailara 

Igoera Faseari dagokionez, otsailaren 3an hasiko da. Jubenilen entrenatzaile Iokin Arrillagak baikor ikusten du erronka, orain arte egindako liga eta “jokalariak eta taldea ikusita” igotzeko aukera dutela uste baitu. 

Igotzea lortuko balu, Gorengo mailara bueltatuko litzateke Sora. Izan ere, orain hiru urte igo zen maila horretara eta orain dela bi urte, jaitsi.

Aurtengo denboraldian, Kadeteen taldeetako bat, adibidez, Gorengo mailan dago.