Pentsiodunen mugimenduak indartsu ekin dio 2025ari, “kalean lortutakoa ospatzen, lortzeke dauden oinarrizko aldarrikapenei kasu egin diezaieten eskatzen eta osasungintzan zein pentsioetan negozioa egitea helburu dutenen eraso berriak ekiditen”.
Ildo beretik, iragarri dute aurtengo lehen urte erdirako “premiazko” helburua badutela finkatuta: “Pentsiodun guztiei gutxieneko pentsioa Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatuko duen diru-sarrera nahikoak bermatzea, eta pentsioetan generoen arteko aldea murrizten laguntzea”.
Horrekin batera, gogora ekarri dute Legebiltzarrean aurkeztuta duten Herri Ekimen Legegilearen aldeko sinadurak batzen dihardutela herriz herri eta Soraluzen ere halaxe egingo dutela. Ekimenaren garrantzia azpimarratu dute, euren helburua baita “hamarnaka mila pertsonak proposamena sinatzea, alderdi politiko bakar batek ere ez dezan proposamenaren aurka egin”.
Amaitzeko, esan dute aurtengoa “behin betiko urtea” izango dela euren aldarrikapenak lortzeko: “Pentsioak eta soldata duinak, pentsioa eta gutxieneko soldata, bizi baldintza duinak eskuratzeko aukera emango digutenak”.