Gaur goizean, herritar asko kanpandorrera begira ibili da harrituta, kanpai-jotze ezohikoak zeudelako.
Izan ere, Audiolab enpresako teknikariak elizako kanpaien zarata-maila neurtzen ibili dira eta horretarako jo-arazi dituzte kanpaiak hainbat bider.
Tabernetako zarata neurtzeko erabiltzen diren aparailuekin egin dituzte neurketak, herriko bi etxetan, hain justu, kanpaien zaratarengatik azken kexuak aurkeztu zituzten herritarren etxeetan. Kexuak parrokian zein Arartekoan aurkeztu zituzten, besteak beste. Eta azken horrek Soraluzeko Udalari gomendatu zion kanpaien zarata maila neurtzeko. Bada, egin dituzte neurketak eta haien datuak jasota, datozen egunotan aurkeztuko diote emaitza Udalari.
2022an aurkeztu zituzten kexuak hainbat herritarrek. Ana Gil Soraluzeko Parrokiako arduradunak esplikatutakoaren arabera, batik bat kexatu ziren kanpaiek gauez ateratzen zuten zaratarengatik, udan leihoa zabalik izanda, zarata horrek loa galarazten ziela esanez.
501 aldeko sinadura
Kexuen aurrean, astebetez, kanpaiak isilaraztea erabaki zuten parrokiakoek, baina Gilen esanetan, segituan iritsi ziren kanpaien aldekoen kexuak eta orduan, sinadura bilketa egitea erabaki zuten: “Jakiteko benetan jendeari kalte egiten genion ala ez, bi herritarrek sinadura bilketa egin zuten eta asteburu bakarrean, 501 herritarrek sinatu zuten kanpaiak mantentzearen alde; gainera, kanpaiak 24 orduan, hau da, gauez zein egunez mantentzearen alde sinatu zuten”. Sinadurak parrokian zein udaletxean aurkeztu zituzten.
Bien bitartean, parrokiak kanpaien zentralita aldatu ere egin zuen 1.500 euroko inbertsioa eginda eta sistema berriaren bitartez, orain posible izango litzateke kanpaiak gauez isilaraztea.