Zergatik daude elizako kanpaiak martxan eta erlojua geldi?

Egoitz Unamuno 2022ko urr. 23a, 12:43

Ana Gil parrokiako arduradunak kanpandorretik bertatik azaldu du zergatik dauden elizako kanpaiak martxan eta erlojuak geldi, eta zein modutan espero duten datozen hilabeteetan denak konpontzea. Kanpandorrera igotzeko bidean elizaren barrunbeak erakutsi dizkigu.   

Ana Gil Elorza (Soraluze, 1962) Soraluzeko kristau komunitateko kide esanguratsuenetako bat da eta bere ardurapean daude elizaren jarduneko zeregin gehienak. Abadeak aldatzen dira baina Ana ez.  

Zelan dago kanpaien kontua? 

Aurten, hiru herritarrek Jon Loiola abadeari kexa aurkeztu zioten (kanpaien hotsagatik). Hasiera batean Jonek erantzun zien hiru pertsonaren kexuagatik ez zuela kenduko, baina gero erlojuak izorratu ziren, orratzak jausi ziren eta dena gelditzea erabaki genuen. Bueno, ba astebete baino lehen hasi zen jendea esaten ea zergatik isildu genituen kanpaiak eta sinadura bilketa ere antolatu zuten; 501 herritarren sinadurak ekarri zizkiguten. Hori ikusi genuenean esan genuen: ba, jendeak nahi du!, eta berriz jartzea erabaki genuen. Hasi ginen berriz martxan ipintzeko ahaleginean, baina ezin, zentralita izorratuta zegoen. Zentralita aldatu dugu: 1.500 euro! Eta gero zer gertatu da?  Kanpai handiaren mailua izorratu dela eta, haren ordez, orain kanpai txikien zarata entzuten dela. Laster konponduko dugu eta  betiko moduan entzungo da. 

Eta erlojua?  

Erlojua konpontzeko bertaraino igo behar da eta ikusi behar da zer dagoen izorratuta, orratzak ala estutzen dituzten torlojuak. Bi herritarrek euren burua eskaini dute igotzeko eta horren zain gaude. Ea erlojua ere laster konpontzen dugun, Badakigu herritarrentzat inportantea dela. 

Abadea ere aldatu da berriz.  

Bai, urtebetean hirugarren abadea izango dugu. Luisek hemeretzi urte egin zituen herrian eta Aretxabaletara bidali zutenean pena handia eman zigun, herrian lan handia egin zuelako. Gero Jon Loiola bidali zuten, baina bagenekien urtebeterako izango zela. Orain, Bitoriano Etxabe etorri zaigu Arrasatetik eta Soraluze eta Elgoibar hartu ditu. Itziartarra da, baina Arroa auzoko baserri batean bizi da eta hara erretiratuko da. Abade gutxi dago eta dagoena berrantolatzen dihardute. 

Zelan eragiten du horrek parrokiko antolaketan? 

Gaur egun abadea aldatzeak ez dauka garai batean zuen eraginik. Gaur egun, erabakiak taldean hartzen ditugu. Aldaketa hori Luisek ekarri zuen eta ordutik horrela funtzionatzen dugu. Caritasen bi pertsona daude eta aisialdiko taldea ere badago, Erregeen kabalgata antolatzen duena. Gainerako guztia neuk eroaten dut abadearekin batera: katekesia, sendotza, liturgia... eta garbiketak ere bai! Guztira dozena erdi bat lagun gara lan egiten dugunak. Jendeak ez du nahi konpromisorik hartzerik. Beste arlo batzuetan ere gertatzen da hori.  

Ahots askok diote elizak eguneratu beharra daukala. 

Elizak zabaldu beharra dauka, noski, baina zein da zabaldu behar dena? Eliza ala elizan gauden pertsonok? Zeren eliza pertsonok osatzen dugu. Denean bezala, badira jende multzo batzuk kristautasuna lehengo erara bizitzea nahi dutenak eta beste batzuk gauza berriak nahi ditugunak. Nik uste dut azken urteotan gauza asko aldatu direla, katekesia emateko modua gurasoak inplikatuz, domeketan meza familiarrak soinuarekin umeendako… Baina hori kalean ez da ikusten.

Emakumeen parte-hartze handiagoa ere aldarrikatzen da. 

Emakumeen parte-hartzerik barik eliza ez litzateke existituko, ez gaur eta ez lehenago. Gehien parte hartzen dugunak, bai elizan eta bai lanean, emakumeak gara parrokia guztietan. Burua abadea dela? Gizonezkoa dela? Bai, baina lana emakumeok egiten dugu. 

Zuk uste duzu hori aldatuko denik?

Ez, nik ez dut uste aldaketa hori ezagutuko dudanik. Oraingoz ez. 

Beraz, ez zaitugu ikusiko zu meza gidatzen?

Dagoeneko emakumeok liturgia eta elizkizunak ematen ditugu, baina ez dugu kontsakratzen.