Ia beteta dago zapatuan Sareren Bilboko manifestaziora joateko autobusa

Erredakzioa 2025ko urt. 9a, 13:30

Soraluzeko Sarek jakinarazi duenez, ia beteta dago, zapatu arratsaldean, 'Behin betiko' lemapean euskal presoen eskubideen alde Bilbon egingo den manifestaziora joateko autobusa. 15:30ean abiatuko da Estaziñoko geltokitik. 

Sarek mobilizazio jendetsua eta plurala aurreikusi du zapaturako. Dagoeneko, mobilizazioak atxikimendu ugari jaso ditu alderdi politiko (EH Bildu, EH Bai, Junts, ERC, CUP, Més Per Mallorca), sindikatu (ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU, EHNE, CGT, CNT, ETXALDE) zein elkarteen aldetik (Bakebidean, Egiari Zor, Gure esku Dago, Paz con Dignidad, Harrera, Etxerat, Ernai, ANC, Omnium Cultural, Kataluniako abokatutzaren Koordinadora). 

Euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduak jakinarazi du manifestazioaren pankarta nork eroango duen. Rosa Rodero eta Ane Muguruza ETAren eta Estatu indarkeriaren biktimekin batera, Emilie Martin (Bakebidean), Martxelo Otamendi (Kazetaria), Garazi Hach Embarek (Eskubideen aldeko eusko-saharar ekintzailea), Arantza Aldezabal (EHUko Irakaslea), Amaia Izko (Abokatua), Eva Ferreira (Harrera), Patxi Biskert (Aktorea), Jose Luis Elkoro (Bergarako alkate ohia), Rafael Larretxea (Senidea), Bego Atxa eta Joseba Azkarraga (SARE) izango dira pankartaren atzean. 

Manifestazioa arratsaldeko 17:00etan abiatuko da La Casillatik eta Sareko bozeramaile Bego Atxak adierazi duenez “euskal presoen eskubideak berriz aldarrikatzea eta indarkeriaren biktima guztiei zor zaien errespetua eskatzea" izango dira egun horretako aldarri nagusiak.  

Autobusa ia beteta

Soraluzeko Sarek autobusa antolatu du Bilbora joateko eta jakinarazi dutenez, autobusa betetzear dago, "lauzpabost leku besterik ez dira geratzen. Beraz, joan nahi duenak ahalik eta lasterren eman dezala izena, Bolia tabernan".

Autobusa 15:30ean abiatuko da Estaziñotik eta manifestazioa bukatzean, 19:30ak aldera bueltatuko da Bilbotik. 

"Bizumkada" diru-ekarpenak jasotzeko

Bestalde, manifestaziora joateko deia egitearekin batera, Sare Herritarrak herritarren diru-ekarpenak jasotzeko ekimena abiatu du: Bizumkada nazionala.   

Hala, dei egin diete herritarrei Sarek bere lana egiten jarraitu ahal izateko "beharrezkoa duen laguntza ekonomikoa" eman diezaioten.