“Lan-talde osoa oso inplikatuta dago, oso nekatuta gaudelako. Ez dugu amore emango horren erraz”. Halaxe baloratu dute azken hiru egunotan egiten ari diren greba Avanza enpresako Langileen Batzordeko parte den ELA sindikatutik.
Greba gehiago
Greba gauerdian bukatuko da, baina dagoeneko protesta gehiago dituzte aurreikusita urtarrilerako, momentuz, enpresako ordezkariak ez baitira harremanetan jarri Langileen Batzordearekin. Xehetasunen arabera, dagoeneko dokumentazioa prest dute Eusko Jaurlaritzan aurkeztu eta urtarrilaren 18an, 19an eta 20an greba egiteko.
ELAtik gogorarazi dute Eusko Jaurlaritzako Lan Ordezkaritzarekin elkartu zirela joan den abenduaren 26an eta haiek bitartekari moduan jarduteko aukera eskaini zietela; dena den, ez dute “esperantza larregi” horrekiko, gobernuak enpresaren alde egingo duela uste baitute.
Halaber, gogorarazi dute 2023ko apirilean hainbat salaketa aurkeztu zituztela Lan Ikuskaritzan eta Jaurlaritzari esan diote gatazkaren irtenbidean bidelagun izatea bere esku dagoela dokumentazio hori baliatuta: “Atera dezatela mahaiko tiraderan gordeta duten salaketen dokumentazio hori eta lanean has daitezela”.