ETXEBIZITZEN EGOERA SORALUZEN

Unai Larreategi: "Lanketa egingo dugu merkatuan ez dauden etxeen jabeekin"

Ubane Madera Zangitu 2025ko urt. 2a, 09:43

Aztikerrek Udalaren eskariz egindako ikerketaren arabera, Soraluzeko etxe eskaintzak ez du asetzen dagoen eskaria. Arazoaren aurrean, etxeak eraikitzeko proiektuekin batera, Udalak merkatuan ez dauden etxeen jabeak programa publikoetara erakartzeko ahalegina egingo duela aipatu du Unai Larreategi alkateak.

Udalak zer egin dezake etxe premia asetzen laguntzeko?

Batetik eraikin berriak daude. Martxan dago Pascual Churrucako 29 etxebizitzen proiektua. Bestetik Olaldeako proiektua dago. Gai horrekin Udalean debatea dugu. Bere garaian, publikoaren karga kendu egin zitzaion proiektuari, promotore pribatuak animatu zitezen eraikitzera. Baina orain, Debabarreneko Ponentziari lotuta, ixtear dago Olaldean eraldaketa bultzatuko duen dirulaguntza esanguratsua. Hor, batetik erosteko etxebizitza libreak planteatzen dira eta bestetik, apartamentu dotazionalak, edadetuen irisgarritasun beharrei erantzuteko. Azken horretarako beharra ere ikusten da. Hirugarrenik, diagnostikoa egin da lehendik dauden etxeak mobilizatzen ahalegintzeko. Haren ondorioekin, datuekin eta merkatura aterata ez dauden etxeekin banakako lana egiten ahaleginduko gara ikusteko zeintzuk izan daitezkeen bizigarriak. Haien jabeekin lanketa egingo da, eskuragarri ipintzeko Alokabideren programak (Bizigune…). Horretarako, Gertuko Bulegoa ipiniko dugu KLB8an.

Udalerri askok dihardute eremu tentsionatuak izendatzen etxeen prezioak mugatzeko. Halakorik egingo da Soraluzen?

Soraluze sartuta dago eremu tentsionatuan, alokairuarengatik. Izan ere, bost urteotan, batez beste, alokairuaren prezioa %18,3 hazi da, 414,9 eurotik 490,9 eurora. Aurten sartu dute Soraluze eremu horretan, baina izendapena Udalak eskatu behar du. Hori debatitzen dihardugu Udalean. Etxejabeak sartuko bagenitu parke publikoaren barruan, horrek erregulatu egingo luke alokairua eta gainera, jabeari segurtasuna emango genioke. Zeren eta merkatu librean gehiago kobratzeko aukera dagoen arren, posible da, baita ere, ez kobratzea. 

Zenbait iturriren arabera, Soraluzeko etxeak dira EAEko merkeenak. Hori zelan interpretatzen duzu?

Arrazoi desberdinak daude. Gipuzkoan desoreka gertatzen ari da. Gune batzuetan etxebizitzaren prezioa izugarri ari da igotzen, batez ere, kostaldean eta hiriburuaren bueltan, eta beste batzuetan, berriz, prezioa mantendu edo apenas igo da. Azken multzo horretan gaude gu. Gainera, azken urteetan herrian ez denez etxebizitzarik eraiki, prezioak ez dira igo. Gipuzkoan etxe berriak modu orekatuagoan eraikiko balira, akaso Soraluzekoak ez lirateke izango merkeenak. Hori zaindu ezean, lurraldea sozialki eraldatu egingo da: gune batzuek jendea erakarriko dute eta beste batzuek jendea kanporatu egingo dute. Adibidez, Donostia inguruan problematika handia dago bertako jende askok ezin duelako bizilekurik eskuratu eta beste jende bat dator, etxe horiek eskuratu ditzakeena. Soraluzeko prezio merkeetan ere, batzuek espekulaziorako aukera ikusi dute.