ETXEBIZITZAREN EGOERA SORALUZEN

Etxebizitza premiaren eta eskaintzaren arteko oreka bila

Ubane Madera Zangitu 2025ko urt. 2a, 09:03

Herriko etxebizitza premia eta eskaria asetzeari begira, datozen hilabeteotan hainbat egitasmo abiatuko dira herrian. Batetik, Jaurlaritzak eta Udalak sinatu berri dute hirtzarmena bultzada emateko Alokabide programari, lagundu dezan etxe hutsak merkaturatzen. Bestetik, urtea hastearekin batera, lanean hasiko da etxebizitza dinamizatzailea etxejabeekin. Gainera, Aztikerrek Soraluzeko etxebizitza-datuak jaso ditu txosten batean.

Soraluzeko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak sinatu berri dute etxebizitzekin lotutako hitzarmena. 

Abenduaren 13an, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saileko sailburuorde eta Alokabideko lehendakariorde Miguel de los Toyosek eta Unai Larreategi alkateak hitzarmena sinatu zuen udaletxeko batzar aretoan, Patricia Borinaga zinegotzi sozialista ere ondoan zutela.

De los Toyos sailburuordeak esplikatutakoaren arabera, sinatutako hitzarmenaren bitartez, “kolaborazio markoa” sortu nahi dute Soraluzeko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean herrian Bizigune programa “modu koordinatuan” bultzatzeko. Haren bitartez, Soraluzen alokairuzko erregimenean merkaturatzeko moduan dauden ahalik eta etxe gehien merkaturatu nahi dituzte, Bizigunek ematen dituen bermeak baliatuta.

Ezozibideko obrak "erritmo onean"

Egun berean, beste sailburuorde bat ere izan zen Soraluzen, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza eta Hiri Agendako sailburuorde Juan Carlos Abascal, Ezozibideko lanak bisitatzen. Soraluzeko Udaleko eta Debegesako ordezkariek lagunduta, hiru erakundeetako ordezkariek Ezozibidea Berritzen proiektuko obrak gainbegiratu zituzten. Izan ere auzoko etxebizitzak zein auzoa biziberritzeko obrak aurtengo apirilean hasi zituzten eta joan den asteko bisitan esan zutenez, "erritmo onean" doaz. 

Ezozibideko obrak: igogailuak…

Ezozibideko lanek, bost ataritan banatuta dauden 72 etxebizitzari eragiten diete eta honako jarduerak egiten ari dira bertan: irisgarritasuna hobetzeko igogailuak instalatu eta atariak egokitu; eraikinen fatxada babestu, aireztatze sistemak zein isolamendu termikoarenak ezarriz energia-efizientzia areagotzeko. Ildo beretik, berokuntza-sistemak aldatzen ari dira, energia berriztaezinaren kontsumoa % 60 murrizteko - besteak beste, gaur egungo galdarak efizientzia handiagoko galdara berriengatik ordezkatuz. 

4,75 milioi euroko inbertsioa egingo dute obra horietan. 

Ezozibidea berritu

Horrekin batera, auzoa berrurbanizatu egingo dute, kaleko irisgarritasuna hobetzeko, permeabilitate arazoak konpontzeko eta bidea berriro asfaltatzeko. Horretarako 883.000 eurotako inbertsioa egingo dute Ezozibideko biribilgunetik Ezozibidea 34. zenbaki arteko eremua zaharberritzeko. Obra horiek urtarrilean hasiko dira. 

Alokabiderekin hitzarmena alderdi guztien adostasunarekin

Bi sailburuordeen bisitak Soraluzen aurretik abian dauden eta gizartearen arazo nagusietako bat bilakatu den etxebizitzaren problematikari aurre egin nahi dioten egitasmoen testuinguruan datoz. 

Alokabideri dagokionez, uztaileko osoko bilkuran alderdi guztien adostasunarekin onartu zen hitzarmena sinatzea, eta, orain gauzatu da. Dena den, Soraluzeko Udalak 2015etik dihardu Bizigune-Alokabide programari atxikita eta hura baliatzen herriko etxebizitza hutsak merkaturatzeko ahaleginean.

Orain, sinatu duten hitzarmenarekin gaiari beste bultzada bat emateko ahalegina egiteaz gain, Soraluzeko Udala zuzeneko bidelagun izango da etxebizitzaren problematikari aurre egiteko bide horretan, horretarako bi erreminta berri ahalbidetuz: etxebizitza dinamizatzailea eta diagnostikoa.  

Etxebizitza dinamizatzailea 

Unai Larreategi alkateak esplikatu zuenez, Udalak etxebizitza dinamizatzaile bat kontratatu du hiru hilabeterako -2025eko urtarrila, otsaila eta martxoa- eta besteak beste, hark egingo ditu bitartekari lanak etxebizitza alokairuan jarri nahi duten jabeen eta Alokabideren artean. Teknikari hori KLB8an egongo da, Gertutasun Bulegoan, eta helburua da herritarrei informazio guztia zein aholkularitza eskaintzea Alokabiden parte hartu ahal izateko. 

Halaber, KLB8ko lokalean segituko dute, Ezozibidea Berritzen proiektuarekin etorri ziren Debegesako adituek ere. Haiei ere kontsulta dakizkieke etxebizitzetako obrak egiteko eskuragarri dauden laguntzak eta eraberritze-jarduketen ingurukoak. 

Egoeraren diagnostikoa

Bestetik, Soraluzeko Udalaren enkarguz, Aztiker Soziologia Ikerguneak etxebizitzen inguruko ikerketa egin du aurten, Etxebizitzaren inguruko ikerketa Soralzuen: etxebizitza parkea, herrian dagoen eskaintza eta herritarren beharren azterketa, 2024. 

Udalaren helburua da ikerketa honen bitartez soraluzetarren gaur egungo errealitatea ezagutzea eta etxebizitzaren inguruan dituzten beharrak eta kezkak detektatzea. Hain justu, ikerketa horretan azaleratutako datuak izango dituzte oinarri urtarriletik aurrera etxebizitzen gainean egingo den lanketarako, eta baita etorkizunean etxebizitza politikak erabakitzeko ere.

183 etxebizitza behar dira

Aztikerren ikerketak eman dituen zenbakien arabera, 2024an, Soraluzek 3.820 bizilagun izan ditu eta guztira 1.982 etxebizitza daude. Horietatik %79,9 okupatuta eta %9,5 -189- hutsik.

Beharrei edo eskariari dagokionez, berriz, Soraluzen 183 etxebizitza beharko lirateke herrian detektatutako premia asetzeko. Etxebizitza horietatik 138 izango lirateke etxebizitzaz aldatzeko beharra adierazi duten herriko familien %7,7aren beharrak asetzeko eta beste 50 etxebizitza 35 urtez azpiko gazteek gurasoen etxetik emantzipatzeko adierazi duten beharrari erantzuteko. 

Etxebizitza beharra dutenen artean, %43ak nahiko luke erostea, beste %43ak errentan hartu eta gainerako %14ari berdin zaio.

Beraz, ikerketaren arabera, etxebizitza eskari handiena etxez aldatzeko beharretik dator. 

Igogailu falta eta hezetasuna arazo

Etxebizitzaz aldatzeko beharraren atzean, berriz, hainbat arrazoi bistaratu ditu Aztikerren txostenak -goiko taulan-. 

Lehena da etxebizitzara iristeko irisgarritasun falta eta bigarrena, hezetasun arazoak.

Datuei erreparatuta, etxebizitza erosi edo alokatu nahi dutenen %41,7ak ezinbesteko ikusten du igogailua izatea, %29,2ak balkoia izatea eta %12,5ak merkea izatea. 

Gazteen beharrak

Bestalde, beste 50 etxebizitza beharko lirateke emantzipatzea nahi duten gazteendako. Aztikerrek egindako inkestaren arabera, orain eskaintzen diren etxebizitzen ezaugarriek ez dituzte gazteen beharrak asebetetzen.

Datuen arabera, etxetik joan ez diren gazteen %37,5ak uste du alokairuen prezioak altuegiak direla, eskaintza baxuegia -%6,3k- eta alokairuko etxeak egoera txarrean daudela -%6,3. Zifra berberak ateratzen dira etxea erosi nahiko luketen gazteen kasuan ere.

Azken bi puntuek erakusten dutenari jarraituz -igogailu falta eta erreforma beharra- Aztikerren txostenak ondorioztatu du "garrantzitsua" litzatekeela jada eraikita dauden etxeak "birgaitzeko politikak" garatzea. 

Etxebizitza parke zaharkitua

Izan ere, egoera orokorrari begiratuta, Soraluzeko etxebizitza-parkea oso zaharkituta dago. 

19 urte dira herrian azken etxebizitzak eraiki zituztela, babes ofizialekoak izan ziren Etxaburueta kalean eta bi urte lehenago Albesakoak. Beraz, azken bi hamarkadetan herrian ez da etxe berririk eraiki, eta, txostenak ez duen arren etxebizitza berrien eskariaren gaineko daturik jasotzen, jakina da zenbait herritarrek -gazteek, batik bat- beste herri batera joatea aukeratu dutela, hainbatetan etxebizitza berria eskuratzearren.

Bigarren eskuko etxe gutxi

Bigarren eskuko etxebizitza erostea ez da askoz ere errazagoa. Merkatuko etxe-agentzia handienen arabera -Idealista da erabiliena- Soraluzen 42 etxebizitza daude bakarrik salgai une honetan. Eta Aztikerren ikerketaren datuen arabera, horietatik %63ak ez du igogailurik eta gutxienez, bostetik batek erreforma sakona behar du bizitzera sartzeko. 

Bestalde, alokairuaren egoera are okerragoa da udalerrian. Etxeak eskaintzen dituzten Interneteko agentzietan, adibidez, ez dago Soraluzen etxebizitzarik alokatzeko aukerarik eta momentu honetan Mapfre inmobiliariak ere ez du alokairurako etxe bakar bat ere. 

Batez beste, 109.000 euro

Salmenta prezioei dagokienez, azken boladan, hainbat iturrik adierazi dute Soraluzekoak direla EAEko etxerik merkeenetakoak. Datu hori baieztatzen du Aztikerren ikerketak: Soraluzen, metro karratua ordaintzen da 1.187 euro eta Gipuzkoan, batez beste, 3.500 eurotik gora. Sakonxeago aztertuz gero, arrazoiak azaleratzen dira, izan ere, Soraluzeko metro karratuaren prezioa bigarren eskuko etxeen araberakoa da eta askok ez dute igogailurik. 

Aztikerren arabera, Soraluzeko etxebizitzen batez besteko prezioa da 109.200 euro. Etxebizitzen hamarretik seik 100.000 euro baino gutxiago balio dute baina ia guztiak dira igogailu eta garajerik ez dutenak. 150.000tik gorakoak, berriz, %12,5 dira eta horiek dira etxebizitza nahiko berriak edo baserri handiak. 

Alokairuari dagokionez, berriz, merkatu ofizialean ez dagoenez alokairurako eskaintzarik, alokairuen prezioen berri ez du jaso Aztikerren ikerketak. Edozelan ere, ahoz ahokoari kasu eginez gero, herrian 300-600 euro artean ordaindu behar da etxe bat alokatzeko.

Eskari handia alokairurako

Alokairuarekin segituz, horren eskaera handitu egin da azken urteotan, batik bat, kanpotik etorritako bizilagunen partetik. 

Oro har, azken 20 urteotan, hazi egin da Euskal Herritik kanpo jaiotako herritarren kopurua, %26tik %31,5era. Horien artetik, 2004an, %21,8 ziren Espainiako Estatutik etorri zirenak. Gaur egungo datuen arabera, berriz, Estatutik etorritakoek osatzen dute herritarren %14,3 eta Estatutik kanpo jaiotako bizilagunek, berriz, %17,2 -azken horien kasuan, Gipuzkoako batez bestekoa da %12,2-. 

Estatutik kanpoko herrialdeetatik etorritako bizilagun horien %74 alokairuan bizi da. Bigarren alokairu-erabiltzaile handienak, berriz, 45 urtetik beherakoak dira, horien artetik herena bizi da alokairuan.

Eskaintza eskasia eta egoera

Azterketak erakusten du etxebizitzen eskaintza eskasia, haien egoera zein prezioa eragozpen direla herrian dauden beharrak asetzeko. 

Eskariari dagokionez, txostenak bistaratzen du, batik bat, etxebizitza alokairuan nahi dutenen eta ekonomikoki profil zaurgarria dutenen -gazteak, langabeak, etorkinak…- premiak direla ase gabe gelditzen direnak eta udalerriko etxebizitza parkeak birgaitzeko beharra duela, bereziki, irisgarritasuni eta hezetasun eta isolamendu beharrei dagokienez. 

Azkenik, txostenak dio garrantzitsua litzatekeela etxebizitza parkea handitzeko dagoena birgaitzea, hori lagunduko duten politiken bitartez eta horrek lagun lezakeela udalerriaren garapen eta birgaitze urbanistikoa bideratzen, besteak beste, soraluzetarrak herrian bertan bizitzen jarraitzeko aukera egin dezaten.