Oreka Art Gallery

Alberto Ramirez Oreka Art galeriako protagonista izango da aurrenekoz

Ander Gomez 2024ko abe. 30a, 08:57

Alberto Ramirez alabari eskainitako margolanaren aurrean (Hiru larrosa Itsarorentzat, 2004). Argazkia: Ander Gomez.

Abenduaren 5etik, Alberto Ramirezen obraren 30-40 urteko errepasoa egiten duen Atzera begirada bat erakusketa egon da ikusgai Bergarako Aroztegi aretoan. Urtarrilean, galeristak eta artistak bat egingo dute aurrenekoz Oreka Art galerian, bilduma berria aurkezteko: Lerro infinituak.

Alberto Ramirez Sanchez (Paradas-Sevilla, 1960) herritarren ahotan dago azkenaldian bereziki galerista bezala egiten ari den lanagatik: Bertako zein estatu mailako artista sonatuenak herrira ekartzea lortu du; erakusketa aurkeztu berri duen Biderbost artista bilbotarrak oraintsu adierazi bezala, "Plazentzia ‘artearen mapan’ jarriz". Baina galerista bakoitzaren atzean artista bat egon ohi da, eta Ramirezek garbi utzi du hori Bergaran aurkeztutako atzerabegirako erakusketan. 

Denetarik aurkitu daiteke bere obran: ohiko olio-pinturak mihisean, noski, baina baita collage-ak eta brontzez zein txatarraz eginiko eskulturak ere. Azken finean, bere obra "XX. mendeko arte garaikideari gainbegiratu bat ematea bezala" dela dio, garaiko artistek eta euren obrek inspiratutakoaren isla. Adibide garbiena bilduma berrienetakoan dauka, Zirkuluen konposizioan. 2016tik 2024ra bitartean egindako forma biribileko egurrezko piezak dira, pintura akrilikoz margotuak. Bakoitza artista edo estilo baten oinarrituta dago (Basterretxean, arte errusiarrean, konstruktibismoan, bauhaus-ean…).


Zirkuluen konposizioa. Argazkia: Camilo Lopez.

“Euren koloreek edota filosofiak inspiratzen naute eta, erreferente bezala hartuta, nire terrenora eramaten ditut”. Hainbeste estilo probatu ostean, bere egiteko era kutunetakoa collage-aren munduan topatu du, zaborra birziklatu eta artelanei erliebea ematen. Kaxak, komuneko paperaren kartoiak… edozer erabiltzen du: “Besteek botatzen dutenari balioa ateratzen saiatzen naiz”. Berdin eskulturekin, “asko eta asko 'txatarra hutsa' dira, fabriketatik jasotako hondakinak”.

Eskulturak egiterako orduan, bere lehengaia argizaria dela dio, baina "ez edonolakoa", bere ofizioa (hortz protesiak) eta pasioa (arte plastikoa) uztartuta lortutakoa baizik: “Artean erabiltzen den argizaria oso zurruna denez, egunerokoan hortzen protesiak egiteko erabiltzen dudanarekin nahasten dut, bigun-biguna eta guztiz moldagarria den materiala lortuz". Brontzera pasatu nahi izanez gero, Madrilera bidaltzen ditu moldeak.


'Suzko dama' brontzezko eskultura. Argazkia: Ander Gomez.

Pieza txikien kasuan, ordea, berak egiten ditu "Soraluzen bertan, zirrindolak estanpatzeko fabrika bateko hondakinak jasota". Nolanahi ere, eskultura denetan helburu garbi bat dauka: "erreplikaezinak izatea". Horretarako, hiru puntu zaintzen ditu: tamaina txikia izatea, forma finak eta hutsune asko. "Agian gaur egungo teknologia aurreratuarekin 3Dn eskaneatuta posible litzateke; baina bestela, nik egunero moldeekin lan egiten dudala... ezinezko ikusten dut".

Bingen de Pedro eta Ricardo Azkargorta –biak Orekan izandako artista bergararrak– izan dira obren aukeraketa eta muntaia egitearen arduradun. Ramirezek dio lan hori egitekotan “paretak hutsune zuri barik” utziko zituela. "100 obratik gora ekarri nuen, 30 bat etxera bueltan eraman behar izan nituen eta 15-20 artean hemengo biltegian (Bergarako aretoan) daude gordeta”. Txantxak alde batera utzita, "aukeraketa-lan ona" egin dutela uste du eta gerturatzen diren herritarrek "sortze-data eta estiloen arteko oreka bat izango dutela erakusketak markaturiko ibilbidean zehar, bere 'lerro infinituen' azken obretan bukatuz".

2025ean bere galeriako protagonista aurrenekoz

Azken obra horiek, urtarrilean Soraluzen aurkeztuko duen Lerro infinituak erakusketaren mostratxoa dira. Bilduma osoa argitara aterako duen lehen aldia izango da —"beti saiatzen naiz herrian aurkezten, beste edonon baino lehen" dio—; baina baita bere galerian erakusketa propioa antolatzen duen lehenengo aldia ere: "Beti nabil besteentzat lanean… orain, behingoz bada ere, niretzat egingo dut lan (barre)". 


'Lerro infinituak' bildumaren obra batzuk. Argazkia: Camilo Lopez.

Erakusketa urtarrilaren 10ean aurkeztuko da Oreka Art galerian eta hilaren 28ra arte egongo da ikusgai.