Azkenekoz 2019an ospatu zen San Silvestre lasterketa, Soraluze, Mugituz! ekimeneko kideek antolatuta. Gerora, pandemiaren garaian, bertan behera geratu zen. Inguruko herrietan urte bakarreko —edo asko jota bi urteko— etenaldia egin eta martxan jarri zuten berriz, Eibarren eta Bergaran kasu. Plazentzian patxada apur bat gehiagorekin hartu da kontua, baina bueltan da jada eta hitzordua betiko egunean markatuta dago: abenduaren 31n.
Aurretik egiten zen krosa ez bezala, ez da proba lehiakorra izango: Itzuliak —azkena ez ezik— neutralizatuak izango dira, antolatzaileek adierazi dutenez, "helburua herritar guztiak batera" joatea izango delako, "denentzako eramangarri den erritmo batean”. Hala ere, azken buelta libre utziko dute, bakoitzak nahi duen erritmora egin dezan. “Lehiakorrenek korrika bizian amaitzeko aukera izango dute eta ordurako nekatuta daudenek, oinezean, lasai asko”. Lasterketa ez-lehiakorra izanik, ez da dortsalik banatuko, ezta kronometratuko ere. Parte-hartzea doakoa da eta ez da izen-ematerik egingo: “Nahikoa izango da egunean bertan abiapuntuan agertzearekin”.
Aurtengoan, irteera Santa Ana kalean ipintzea erabaki dute: “Toki aproposa iruditu zaigu, horrela, bertan dauden komertzioen aurretik ere pasatzen garelako, mesede egingo dielakoan; bestetik, eguraldi txarra egitekotan arkupe ederra daukagulako ez bustitzeko”. Txuritxu parean jarriko dute irteera marra eta 11:00etan ekingo diote lasterketari. Santa Anatik udaletxerainoko metroak egin ostean, ibilbide berberari 5 buelta emango zaizkio. Honakoa izango da: Udaletxetik Gabolatseko zubira joan, kiroldegi aurretik pasa eta zubi nagusira heldu, berriz ere udaletxetik Gabolatserako bidea hartzeko. Bost buelta hauetan egindako distantzia 4 kilometrokoa izango da guztira. Helmugari dagokionez, eguraldi ona eginez gero Plaza Berrian amaituko da; eta txarra suertatzekotan, Plaza Zaharreko karpan. Baina kontatu dutenez, “toki batean edo bestean egin, bukaeran korrikalari guztientzako txokolatea, salda eta txorizoa egongo da berdin-berdin”.
Mozorrotzeko deia
Herritar guztiak “haur, gazte zein nagusi” gonbidatu dituzte parte-hartzera eta, “ahal dela, mozorrotuta etortzera”. Edizio hau “ondo” ateratzen bada, hurrengorako “sorpresa bereziak” prestatuko dituztela iragarri dute, “esaterako, saria mozorro dibertigarrienari”. Aurten ez da halakorik egongo, “benetako saria helmugako jan-edana izango da”, diote antolatzaileek barrez; baina, nork daki, agian txokolate apur bat gehiago edo txorizo zati handixeagoa jasoko dute mozorrotuta joaten direnek… Beraz, badaezpada, animatu!