Gabonen ostean sinadurak batzen hasiko dira

Ubane Madera Zangitu 2024ko abe. 22a, 12:03

Joan den astelehenean egin zuten pentsio publiko duinen aldeko aurtengo azkeneko elkarretaratzea. Bertan esan zutenez, laster hasiko dira Legebiltzarrean aurkeztuta duten Herri Ekimen Legegilea babesteko sinadura bilketak egiten. Horrez aparte, iragarri zutenez 2025erako Olerkipentsiotan izenburua duen poesia lehiaketa abiaraziko dute.

Pentsio publiko duinen aldeko 2024ko azkeneko elkarretaratzea egin eta datozen egunotan atsedena hartuko duten arren, Gabonen ostean bueltatuko dira borrokara pentsiodunen mugimenduak.

Dagoeneko iragarrita dituzte hurrengo ekimenak. Batetik, Legebiltzarrean aurkeztuta duten Herri Ekimen Legegilearen aldeko sinadurak batzen hasiko dira herriz herri. Urtarrilaren 13an hasi eta lau hilabetez arituko dira horretan.

Bestetik, Olerkipentsiotan izenburua duen poesia lehiaketa abiaraziko dute laster, euskaraz, gaztelaniaz zein frantsesez. Otsailaren 15era arteko epea eman dute poesiak bidaltzeko.