Zerbitzu minimoak autobusetan

Ubane Madera Zangitu 2024ko abe. 20a, 14:20

Astelehena 23ko 02:00ak arte, gutxieneko zerbitzuak bakarrik eskainiko dituzte Avanza autobus enpresako langileek. Lan Batzordeko ELA sindikatutik esandakoaren arabera, aste honetan, enpresak proposamen bat aurkeztu zien langileen ordezkariei baina langileen gehiengoak hura baztertu egin du eta greban segitzea erabaki du. Bestalde, aste honetan, Batzar Nagusien osokoan landu da gaia, EH Bilduren eskutik. 

Langileen ordezkariek uste dute enpresak aurkeztutako proposamena “asko hobetu” daitekeela, “apurrak” besterik ez zaizkiela eskaintzen ari eta horregatik erabaki dute egunotan grebei eustea. Beraz, gutxieneko zerbitzuekin funtzionatuko dute Soraluze Eibarrekin eta Donostiarekin lotzen duten Avanza enpresako autobusek. 

Gaiarekin lotuta, aste honetan, Batzar Nagusietara eraman dut auzia Debagoieneko alkateek. Goiena Komunikazio Taldeak jakinarazi duenez, Gipuzkoako EH Bildurekin batera izan ziren bertan, "eskualdeko mugikortasun arazoak bideratzeko berehalako neurriak" eskatzeko asmoz Azahara Dominguez Mugikortasun diputatuari. Ohar bidez adierazi dutenez, "Avanza multinazionalak Transportes Pesa erosi zuenetik erabiltzaileak mugikortasun arazo handiak" izaten ari dira azken aldian.

Emakida berritzeko eskaera

EH Bilduk, batetik, eskatu du Debagoiena eta Debabarrena eskualdeak Donostia, Bilbo eta Gasteizekin lotzen dituen garraio zerbitzuaren emakida berritzeko prozesua "berehala" jar dadila martxan, eta "zerbitzua dagokion kalitatezkoa izan dadin, emakida esleitzeko kontratazio prozedura hurrengo urtean amaituta" egon dadila; bestetik, autobus flotaren mantenua hobetu dadin, lizitazio berri baterako prozesua ere martxan jartzeko eskatu du, "zerbitzua emateko beharrezko autobus kopurura egokitzeko, zein flota erabiltzaileen hazkundeak eta eskariek eskatzen dituzten kalitate eta segurtasun estandarretara egokitzeko". 

Azkenik, Avanza enpresaren eta langileen ordezkarien artean bitartekaritza lana egin dezala eskatu diote Aldundiari, "lan hitzarmena berritzeko akordioa ahalik eta azkarren lortzeko", eta, hala, "Avanzak kudeatzen duen Lurraldebuseko emakidako langileen lan baldintzak hobetzeko".

Soraluzetarren kexuen berririk ez

Testuinguru honetan, ugariak izan dira herritarren kexuak, baita soraluzetarrenak ere. Udalbatzarrean ere aipatu da gaia EAJk galdetuta eta Unai Larreategi alkateak jakinarazi zuen egon dela Azahara Dominguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatuarekin eta hari helarazi dizkiola herritarren kexuak, bi, bereziki: behin baino gehiagotan bidaiariak geralekuan laga izan dituela autobusak, baita txartela zuten bidaiariak ere, eta, autobus asko berandu ailegatzen direla Soraluzera.

Alkateak esandakoaren arabera, ezustekoa hartu zuen diputatuaren erantzunarekin, hark esan baitzion hemengo bi intzidentziaren berri zuela bakarrik eta ez zutela beste kexuen berririk, ezta txoferren aldetik ere. Diputatuak gaineratu zuen, kexuak aintzat hartzen dituztela.

Zelan helarazi kexu ofiziala

Hori ikusita, Soraluzeko Udalak dei egiten die kexuren bat duten herritarrei bide ofizialetatik ere helarazteko, HEMEN KLIKATUTA bidera daitezke kexuak. Bestalde, diputatuari esan zion kexu ofizialik ez bada, seguri aski izango dela herritarrak amore emanda daudelako orain arteko erantzunekin.

Horrez gain, Larreategik uste du enpresak beharrezkoa duela digitalizazioan pausoren bat ematea, gutxienez jakiteko zenbat bidaiarik dituzten txartelak erosita, haiei bidaia ziurtatu eta aldi berean, zerbitzuaren beharrak aurreikusita konponbideak ipini ahal izateko.

Azkenik, besteak beste, alkateak uste du autobus-lineak berrikusi egin beharko liratekeela, distantzia laburragokoak jarriz. Gasteiztik edo Aretxabaletatik datoz Soraluze Eibarrekin eta Donostiarekin lotzen duten autobusak. Bidean geraleku ugari dituzte eta horrek asko zailtzen du ibilbidearen bukaeran dagoen Soraluzera autobusak garaiz heltzea.