Soraluzeko Udalak 100.000 euroko ekarpena egingo dio Mesedeeetako egoitzari, zailtasun ekonomikoei aurre egiten laguntzeko

Ubane Madera Zangitu 2024ko abe. 19a, 10:29

Atzo, eguena, udalbatzarrean aho batez onartu zenez, Soraluzeko Udalak 100.000 euroko ekarpena egingo dio Mesedeetako Amaren Egoitzari, haren egoera ekonomikoari hauspoa emateko. 10 urtean bueltatzeko konpromisoarekin emango dio dirua egoitzari, lehenago ahal badute, lehenago. Horrez aparte, Matia Fundazioari egoitzari buruzko auditoria enkargatuta dauka egoitzako Fundazioak eta bihar, barikua, helaraziko dute emaitza. 

Unai Larreategi alkatea faltan zela -gaixo dago- egin zen urteko azkeneko osoko bilkura, atzo, eguena. Maite Quintanilla alkateordeak bete zuen haren lekua. 

Udalbatzarrak landutako gaien artean, hasierako puntuetako bat izan zen Soraluzeko Udalaren eta Mesedeetako Ama Egoitzaren arteko lankidetza-hitzarmena. Haren bitartez, 100.000 euroko ekarpena egingo dio Udalak egoitzari, “egoitzaren egoera ekonomikoari hauspoa emateko” Maite Quintanillak esplikatu zutenez. 10 urtera bueltatzeko ekarpena da, egoitzak ahal badu, lehenago. 

Hitzarmena alderdi guztien adostasunarekin onartu zen, baina gaiari buruzko zenbait kezka partekatu zituen oposizioak. 

Iker Aldazabal jeltzaleak, gaiari testuingurua jarrita, esan zuen bestelako agintaldietan ere egin izan zaizkiola ekarpen ekonomikoak egoitzari, baina epe motzagokoak. Oraingoa, berriz, hurrengo bi legealdietara luzatuko da eta horrekiko zalantza partekatu zuen. Hala ere, “ikusita egoitzak herritarrentzat suposatzen” duena, alde bozkatzea erabaki zutela adierazi zuen ordezkari jeltzaleak.

"Erabaki zailak"

Hori bai, gaineratu zuen Matia Fundazioari enkargatutako egoitzari buruzko auditoriaren emaitzak ikusi nahi dituztela ahalik eta lasterren, etorkizunean egoitzaren egoera ekonomikoa biderateko helburuarekin. Ekarpen ekonomikoaz aparte, egoitzarekin lotutako bestelako neurri batzuk hartu beharra izango dela uste du ordezkari jeltzaleak. Horrekin batera, Fundazioarekin bilerak maizago egitea ere eskatu zuen, iazko abenduan egin baitzuten azkena.

Patricia Borinaga sozialistak ere partekatu zuen gaiarekiko kezka. Uste baitu “erabaki zailak” hartu beharko direla eta akaso horrek “lan gatazka” ere eragin dezakeela. Halaber, uste du egoitzaren eredua aztertu egin beharko litzatekeela. “Hainbat eredu izan ditu eta batek ere ez du funtzionatu. Denon intereseko gaia da. Denoi interesatzen zaigu egoitzak segitzea. Matiaren txostenaren zain egongo gara, baina aurreikusten da erabaki zailak hartu beharko direla”.

Maite Quintanilla alkateordeak azpimarratu zuen auditoria martxan dagoela eta Fundazioaren bilerei dagokienez, berriz, jakitera eman zuen orain abenduan egitekoa dela beste bat. Dena den, gaineratu zuen, bilera gehiago egin ez arren, oposizioari beti helarazi zaiola gaiari buruzko informazioa. 100.000 euroko ekarpena bueltatzeko 10 urteko epea emateari buruz, berriz, esan zuen epe hori erabaki zela ekarpenaren kopuruarekiko "errealista" dela uste dutelako. Egoitzaren egoerari dagokionez, berriz, Quintanillak gaineratu zuen “egoera zaila” izango dela.