Ostegunean, abenduaren 20an hasi eta abenduaren 21ean, 22an eta 23an, gutxieneko zerbitzuak bakarrik eskainiko dituzte Avanza enpresako autobusek. Abenduaren hasieran iragarri zuten protestaldia, Enpresako Langileen Batzordeak bere osotasunean deituta. Eta urrian eta azaroan ere egin zuten greba, baita iaz ere, baina salatzen dituzten arazoek bere horretan diraute.
Protesten bitartez, Lan Hitzarmena berritzea eskatzen dute, besteak beste lan baldintza duinak eta segurtasun bermeak jasoko dituenak.
Debagoieneko alkateen eskaera
Gainera, gaiak mahai politikora ere egin du salto, izan ere, Foru Aldundiak Avanza enpresarekin duen kontratua amaitzear da, eta joan den astean, Debagoieneko alkateek- Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate, Oñati, Bergara, Antzuola eta Elgeta- eskatu zuten hura ez luzatzeko eta "zerbitzuan hobekuntzak" jasoko dituen kontratu berri bat onartzeko.
Batzar Nagusietara
Eta Gipuzkoa mailako oihartzuna ere hartu zuen gaiak, Gipuzkoako EH Bilduk jakinarazi zuenean Avanzak eskualdean eskaintzen duen autobus zerbitzuari buruzko gaia abenduko Batzar Nagusietako osoko bilkurara eramango duela.
Prentsa ohar bidez azaldu zutenez, “Avanza multinazionalak Transportes Pesa erosi zuenetik erabiltzaileak mugikortasun arazo handiak izaten ari dira” eta, gaiari buruz Mugikortasun diputatu Azahara Dominguezi galdetu arren “arazoak konpontzen ez direla ikusita, abenduko Batzar Nagusietako osoko bilkuran eztabaidatzeko ekimena erregistratu du”.
"Inolako hurbilketarik ez"
Gauzak horrela egon arren, ELA sindikatutik esan dutenez, “enpresak ez du erakutsi inolako hurbilketarik, ezta arazoa konpondu nahi izateko asmorik ere. Ez gara deituak ere izan”.
Avanza enpresaren web orrian diotenez, “zehaztu bezain laster” emango dute gutxieneko zerbitzuen berri.
“Egun horietarako txartelak erosi dituzten erabiltzaileek, deialdiaren eragina jasaten badute eta bidaia bertan behera utzi nahi badute, ohiko bideetatik egin dezakete. Edozein zalantza argitzeko, zure eskura jartzen dugu Bezeroarentzako Arreta Zerbitzua (900 12 14 00).