Ezozibidea Berritzen

Jaurlaritzako De los Toyos eta Abascal sailburuordeek Ezozibideko obrak bisitatu dituzte Udaleko ordezkariekin batera

Ubane Madera Zangitu 2024ko abe. 13a, 14:21

Gaur goizean, Soraluzera egin duten bisitaren baitan, Eusko Jaurlaritzako eta Soraluzeko Udaleko ordezkariek Ezozibideko obrak bisitatu dituzte. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza eta Hiri Agendako sailburuorde Juan Carlos Abascalek proiektu horrek “herritarren bizi-kalitatea hobetzeko” duen garrantzia azpimarratu du. Gogora ekarri dutenez, Ezozibidea Berritzen proiektuak 8 milioi eurotik gorako inbertsioa du, nagusiki Ezozibideko zenbait etxebizitza birgaitzeko eta horrekin batera, SAPAko aterpea egiteko eta Kalebarren 8ko OpenGela egokitzeko. 

Ezozibidea auzoa osorik birgaitzeko egiten ari diren obrak bertatik bertara bisitatu dituzte Eusko Jaurlaritzako, Soraluzeko Udaleko zein Debegesako ordezkariek gaur goizean.  

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza eta Hiri Agendako sailburuorde Juan Carlos Abascalek proiektu horren garrantzia azpimarratu eta adibide modura jarri du, “administrazio publikoen eta herritarren arteko lankidetzaren adibide gisa, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko”.

Lanei dagokienez, “erritmo onean” doazela azaldu dute, bost ataritan banatutako 72 etxebizitzari eragiten dietela obrek eta oro har, irisgarritasuna eta energia efizientzia hobetzeko eta espazio publikoak biziberritzeko helburuarekin ari direla egiten. 

8 milioi eurotik gorako inbertsioa

Proiektua gauzatzeko bideratutako baliabideak eta proiektuaren eraginarekin lotutako datuak ere gogorarazi dituzte: 8 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo dute eta horietatik 5,5 baino gehiago Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak jarriko ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiak 1.041.926 euro, bertako bizilagunek 1.286.372,65 euro eta Soraluzeko Udalak 60.584,65 euro -oraingoz-.

Honako aktuazioak egiten ari dira Ezozibidea Berritzen egitasmoaren barruan: 

  • Irisgarritasuna hobetzea, igogailuak instalatuz eta atariak egokituz.
  • Eraikinen inguratzailean esku hartzea energia-efizientzia areagotzeko, fatxada aireztatuko sistemak, isolamendu termikoa eta arotzeria berritzea barne.
  • Berokuntza-sistemak ordeztea, energia primario berriztaezinaren kontsumoa % 60 murrizteko - besteak beste, gaur egungo galdarak efizientzia handiagoko galdara berriengatik ordezkatzea-.
  • Ingurunea berrurbanizatzea. Obra horiek urtarrilean hasiko dira eta helburua da kalea erabat berritzea, irisgarritasuna hobetzeko, iragazte-arazoak konpontzeko eta bidea berriro zolatzeko.
  • SAPAren lehenengo pabiloia zaharberritzea. Obrak amaituta daude.
  • Opengela KLB8an, Ezozibideko bizilagunei laguntza-aholkularitza emateko. 2023ko apiriletik dago zabalik. Hango obrak bukatzean, gertutasun bulego modura erabiliko da, herritarrei zerbitzu gertukoagoa emateko.

Ezozibideko obrak bisitatzeaz gain, SAPAko aterpea eta KLB8ko lokalean dagoen Opengela ere bisitatu dituzte. Azken honetan eskaintzen dihardute aholkularitza Ezozibideko obretan parte hartzen diharduten etxebizitzetako bizilagunei, Debegesako adituen bitartez.