Igeriketa, lagun artean

Ander Gomez 2024ko abe. 13a, 07:55

Astearte eta ostegun arratsaldetan, herritar kuadrillatxoa batzen da kiroldegiko helduen igeriketa saioetan. Maila altuko ikastaroa da eta "intentsoa" den arren, taldean sortutako "giro polita" nabarmendu dute, bai monitoreak, bai ikasleek.

Hamar herritar daude Helduen Igeriketa taldean, ikastaroko plaza kopuru maximoa.

Igeriketa estilo guztiak praktikatzeko aukera

Krola (crawl), bularrekoa (braza, igela) eta bizkarrekoa (atzeraka) dira gehien lantzen dituzten modalitateak. Iratze Agirregomezkorta monitoreak azaldu bezala, bularreko ariketak "lasaiak" izaten dira, krolekoak "intentsoak" eta bizkarrekoak "erdi bidekoak"; eta, horiek txandakatuz, "nolabaiteko oreka bat lortzen da".

Baina bestelakoak ere lantzen dituzte, hala nola: tximeleta-era "bihotzari erresistentzia emateko" eta urpeko igeriketa edota apnea, "biriketako ahalmena indartzeko".

Estilo bakarra klase bakoitzea

Saioak monitoreak aukeratutako modalitate bakarrean zentratzen dira, horren inguruko ariketa konkretuak landuz: ze posizio eraman behar den, noiz hartu behar den arnasa... Batez ere, ondo arnasten ikastearen garrantzia azpimarratzen du: "Kuriosoa da, normalean sudurretik hartzen dugu arnasa eta ahotik bota; baina uretan —orokorrean— kontrara egin behar da, ahotik hartu eta sudurretik bota".

Ikasleei egokitutako saioak, talde ikuspegitik

Ikasleetako batzuk arnas kontu hori landu beharra daukate, beste batzuk hankak, edo deslizamendua (igeri egiterakoan ahalik eta gutxien urik gutxien mugitzea, Agirregomezkortak dioen bezala "ur gainean mugitzen den hostotxoa legez"). Behar horiek guztiak hartzen ditu kontuan monitoreak eta horren araberako saioak prestatzen. Hori bai, klase orokorretan beti, "ikasle guztiak kontrolatuta izateko, talde osoa maila berean egon dadin eta ertz guztiak ikutu ditzaten, ez bakoitzari interesatzen zaiona bakarrik". 

Salbuespena hasiberriekin

Aurtengo ikasturtean 4 lagun apuntatu dira eta, kasu hauetan, maila neurtzen zaie aurretik ("soroslearekin egin dezakete, orduz kanpo igerilekura bertaratuta, beste barik"). Behin ikastaroa hasita ere, arreta berezia jasotzen dute, aparteko kale batean eta egokitutako ariketekin. "Baina hilabete eskas bakarrik, segituan lortzen dute gainontzekoen nibelera ailegatzea!".


Iratze Agirregomezkorta monitorea eta ikasleak. Argazkia: Egoitz Unamuno.

Plazak beteta daude, baina badago beste talde bat sortzeko aukera

Irailean batutakoekin topera ailegatu dira: "Lau kale izanik 10 plaza eskaini ditzakegu gehienez, erabiltzaile arrunt bat igerilekura sartuz gero, hark ere bere tokia izan dezan".

Dena den, ikastaroaren itxarote-zerrendan nahikoa herritar egonez gero, udalarekin bildu eta beste talde bat aktibatzen saiatuko liratekeela azaldu dute. "Ez da erraza, lekuaren, orduen eta monitoreen disponibilitatea bateratu behar direlako, baina lor daiteke".

Ikasleen arteko pike sanoa

Ikasle bakoitzak bere helburuak ditu (batzuk abiadura lortu nahi dute, kilometroak egin, bestetzuk itsasoko igeriketarako prestatu...) eta horien bueltako pikeak dauzkate, baina diotenez "beti anbiente onean".

Urte amaierako proba (eta ospakizuna) Ondarrun

Hala ere, badago guztiek konpartitzen duten erronka bat: Ikasturte amaieran, uztaila aldera, Ondarrun ospatzen den itsas-lasterketa. Hitzordua tradizio bihurtu da helduen igeriketa ikastaroko taldean. Bertan lehiatzen dira urte osoan ikasitakoa praktikan jarriz eta ostean, merezitako bazkaria egiten dute guztiek batera.


Ikasleak iazko Ondarruko itsas-lasterketan lehiatu ostean. Argazkia: Iratze Agirregomezkorta.