2025erako pentsioen igoerak “urriak eta mugatuak” izango direla salatu zuten

Ubane Madera Zangitu 2024ko abe. 11a, 15:09

“Azken urteotako erreforma erregresiboen ondorioz”, 2025ean pentsioetan ezarriko dituzten igoerak “urriak eta mugatuak” izango direla salatu zuten asteleheneko elkarretaratzean, gaineratuz, “erreforma atzerakor horien guztien helburua” dela “Gizarte Segurantzaren gastuak murriztea pentsioak okertzearen kontura”. Besteak beste, gogorarazi zuten, 2027rako erretiro-adina 67 urtekoa izango dela. 

Erretiro-adina atzeratzea, pentsioetarako kalkulua egiteko kotizatu beharreko urte kopuruaren luzatzea eta oro har, azken urteotan aplikatu diren “erreforma atzerakorrak” salatu zituzten asteleheneko elkarretaratzean. 

Horrekin batera, jakinarazi eta salatu zuten “Eusko Legebiltzarraren gehiengoak -EAJk, PSE-EEk eta PPk- uko egin” diola pentsiodunentzako DSBE -diru-sarrerak bermatzeko errenta- ofizioz tramitatzeko EH Bilduk egindako eskaera.

Gogorarazi zuten egoera zaurgarrian egonda, DSBE-a jasotzeko eskubidea duten pertsona askok ez dutela laguntasun hori eskatzen eta “pentsiodunen kasuan, proportzioa are handiagoa” dela adierazi zuten. Arrazoi horrexengatik eskatu zuen EH Bilduk laguntasun horren tramitea ofizioz egitea administrazioak, baina esandako moduan, ez dute eskaera onartu.