Donostia-Bilbao-Gasteiz, Debagoiena eta Debabarrena autobus lineetan lan egiten duten langileak ari dira greba egiten, Avanzako Enpresa Batzordea osatzen duten sindikatu guztiek (ELA, LAB, UGT eta AURRERA) deituta.
Bost greba egun iragarri zituzten abendurako eta joan den barikuan egin zuten lehena. ELA sindikatuaren arabera, langileen %100ak (300 langilek) bat egin zuen protestarekin eta bigarren greba eguna izan duten gaurko honetan ere “oso pozik” daude jarraipenarekin.
Grebaren ondorioz, bakarrik gutxieneko zerbitzuek funtzionatu dute eta herriko autobus geltokian, erabiltzaileek ohi baino luzaroago itxaro behar izan dituzte autobusak. Grebarekin batera, gaur, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean egin dute elkarretaratzea (argazkian).
Avanzako langileen aldarrikapenen artean daude “35 orduko lanaldia ezartzea (Bizkaibuseko zerbitzuetan bezala), bermedun KPIaren araberako soldata igoerak izatea, errelebo kontratuak ezartzea, behin-behineko langileentzako lan poltsa bat arautzea eta hartzeko eta uzteko denbora kontuan izatea”.
Horrekin batera, autobusen egoera txarra ere salatu du Enpresa Batzordeak, “arriskuan jartzen dituena bai langileak, bai zerbitzua erabiltzen duten herritarrak ere”.
Jakinarazi dutenez, euren negoziazioetan “aurrerapausorik egon ezean, hurrengo greba egunak abenduaren 20, 21 eta 22 izango dira”.