BIDEOA eta ARGAZKIAK

Taloak, marrazkiak, musika eta dantza, Euskararen Nazioarteko Eguna girotzeko

Ubane Madera Zangitu 2024ko abe. 2a, 16:04

Bihar, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta, herrian hasita daude hura girotzeko zein Euskaraldia iragartzeko ekitaldiak, Gozaldia izenburupean. Horren erakusle, atzo, domeka, Plaza Barrixa familiez bete zen, ume eta guraso, bertan egin zen talo, txapa eta aurpegia margotzeko tailerrek erakarrita. Bihar, berriz, eguerdian, Plaentxia Kantuan kalerik kale ibiliko da eta 17:30ean, Urrats Dantza Taldeak saioa eskainiko du Mesedeetako egoitzan. 

Atzo, etxeko txikienak eta haien senitartekoak fin-fin ibili ziren talogintzan Plaza Barrixan. Lehenengo arto-irin bolak zapal-zapal egin, gero haiek txapan erre eta azkenik, txokolatez, gaztaz edo txorizoz bete eta jan. Horren onak irten zitzaizkien ezen bat, bi, hiru… ere egin eta jan baitzituzten. 

Sukalde lanak egin ondoren, marrazten, aurpegia margotzen zein txapak egiten ere ibili ziren Kukumixoren begiraleek lagunduta eta jardunaldiari amaiera borobila eman zioten DJ Mikeltxiren musikarekin eta dantzekin. Ume eta heldu, euskaraz gozatzen. 

Bihar kantua eta dantza

Bihar, abenduak 3, segituko du ospakizunak, bihar da-eta Euskararen Nazioarteko Eguna. 12:00etan, Plaentxia Kantuan taldea kalez kale aterako da kantura eta arratsaldean, 17:30ean, Urrats dantza taldeko umeek eta gaztetxoek dantza-saioa eskainiko dute Mesedeetako Amaren Egoitzan. Horrez gain, eskolan, institutuan, Eguneko Zentroan zein Egoitzan bertan ekintzak, ospakizunak eta jatordu bereziak izango dituzte egun osoan zehar.