Oreka Art Gallery

Biderbost: “Mapan jarri duzue berriz Plazentzia, artearen mapan”

Ander Gomez 2024ko abe. 4a, 18:00

Pasa den barikuan Fernando Biderbost artista bilbotarra gerturatu zen herrira, hilabetez Oreka Art galerian ikusgai egongo den erakusketa aurkeztera. Bere arteaz ez zen apenas mintzatu, adierazi zuenez “hitzekin baino, artearen bitartez” komunikatzen delako bera. Baina bai izan zuen tartetxoa gaztetan ezagututako Soraluzeri buruz berba egiteko, baita egungoa ikusitakoan izandako “txokeari” buruz.

Azaroaren 29an inauguratu zuen Fernando Biderbostek margolan eta eskultura erakusketa Oreka Art galerian, eta abenduaren 27ra arte egongo da ikusgai (19:00etatik 20:00etara, astegunetan).

Biderbosten margolan guztiak forma abstraktu eta kolore bizi desberdinen amalgama dira, artistaren esanetan, “gehiegi pentsatu gabe” eginak: “Margotzen dudanean senak agintzen du, pintzela hartu besterik ez dut egiten eta hark gidatzen nau”.

Eskulturetan, berriz, guztiz kontrako da: “Lan bakoitzaren atzean ideia bat dago, hausnarketa bat, alegoria bat…”. Kontziente da bitxiak direla eta jendeak “sadikotzat” jo dezakeela. Baina “inondik inora”, bakoitzak bere metafora dauka: “Lapitzak begietan dauzkanak, adibidez, ondo fijatuz gero ikus daiteke ez dituela iltzatuta, gainean tentuz jarrita besterik ez, eta begietatik sartzen zaizkigun koloreak irudikatzen dituzte. Era berean, panpin burua eta txori gorputza daukanak urrutira hegan egin nahi duen umea errepresentatzen du". 

Arratoiarena ere, animaliari baino, gizakiari egindako kritika dela dio: “Planeta suntsitzen, animaliak akabatzen, urak kutsatzen… gizakia bera bihurtu baita benetako ‘arratoi’ ”.

“Asko aldatu da Plazentzia”

Honakoa ez da Biderbostek Soraluzera egindako lehen bisita izan. Kontatu zuenez, gazte-gazte zela, Bilbo aldeko burdindegi bateko saltzaile zen aitari laguntzen zion herri desberdinetara egin beharreko joan-etorrietan. Leku haien artean zegoen Soraluze. Garaiko paisaia garbi gogoratzen du eta ordutik “zenbat aldatu den” azpimarratu zuen: “herrian zeuden enpresa eta tailer pila, kaleko jendetza eta anbientea...” ekarri zituen gogora eta, orain, “gainontzeko herrietan bezala, gainbehera nabaria sumatzen da”. Poteoko giroa behintzat mantentzen dela entzunda, “bai, eta eskerrak!” zioen barre artean, “bestela, hori ere kentzen badigute… akabo!”.

“Txantxak alde batera utzita” uste du herriak duen “berezko xarma” mantentzen dela eta mantenduko dela: “Mendi artean dagoen txoko berezia da, hori ez da aldatu etorri nintzenetik eta ez dut uste sekula aldatuko denik”.

“Frankotiratzaile bat herrian”

“Orain, gainera, armagintzagatik famatu izandako herri honetan frankotiratzaile bat daukazue, artearen frankotiratzailea” zioen Biderbostek, Alberto Ramírez galerista egiten ari den lana goraipatuz; eta, Oreka Art galeriarekin batera, herriak “benetako altxor bat” daukala gaineratu zuen. Urteak atzera Plazentzia Europako mapetan agertzen zen eta egun “berragertzen” hasia dela esan zuen: “Lehen armengatik, orain artearengatik”.