Abendua mobilizazioz beteta

Ubane Madera Zangitu 2024ko abe. 2a, 10:02

Barikuan, hileko azkena izanda, euskal presoen aldeko elkarretaratzea egin zuten Plaza Berrixan. Urte amaierara begira jarrita, gogorarazi zuten, agenda beteta dutela urteko azken hitzorduekin. Gertukoena, Durangoko Azokaren bueltakoa izango da, abenduaren 6an  egingo dute urteroko mobilizazioa, aurten, berritasunekin, EtxeraKANTUZ topaketa nazionalarekin ekingo baitiote.

Barikuan, 45 bat herritarrek babestu zuten euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko protesta elkarretaratzea. Urte amaierako hitzorduak izan zituzten bertan hizpide, Durangoko Azokatik hasita urtea amaitu bitartekoak.

Durangoko hitzorduari dagokionez, abenduaren 6an, 12:00etan egin dute hitzordua, EtxeraKANTUZ topaketa nazionalarekin. Ondorengoa, abenduaren 20an izango da, Hego Euskal Herriko hiriburuetan egin dituzte hitzorduak, “Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalarekin batera, langileak ere gatazkaren konponbide prozesua bururaino gauzatu dadin aldarrikatzeko prest daudela” erakusteko.

Urtea bukatzeko, berriz, Gabonetan izango dituzte hurrengo hitzorduak, herrialde mailakoak haiek. Eta urtea hasteko, urteko mobilizaziorik esanguratsuena, urtarrilaren 11koa. Bilboko La Casillatik abiatuta, “Bilboko kaleak beteko dituzte “euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea aldarrikatuz” aldarrikatuz.