Baloraziorako apunteak
"Bihotzez serio lan egiten denean helburuak lortzen dira lehenago edo beranduago. Eta hori da gertatu dena BLUES HOTSAK musika jaialdiaren seigarren edizioan.
Zabalak izan dira sinergiak hainbat talderen artean (tabernari multzo bat, Kontrargi argazki taldea, Pil-Pilean euskara elkartea, Baso Biziak elkarte ekologista, Herriko Irakurle kluba, Debegesa-Dolmenak, Musika Eskola eta beste).
Pozik gaude esparru desberdinak landu direlako (musika, literatura, zinema, argazkia, gazteena…). Herrikoen partaidetza handia izan delako eta bisitari kopurua ere handitu zaigulako.
Lide Hernandorekin hasita, debateak eta elkarrizketak izan genituen astelehenean musikariekin ere. Musika beltzaren esparru desberdinak entzuteko parada izan zen: Soul banda afrikarra, doinu kubatarrak, punta-puntako Euskal Herriko blues taldeak eta astea bukatzeko Herbeheretatik etorritako talde indartsua. Gureaz gain, Afrikatik, AEBtik eta Europatik etorritako musikariak.
Aurtengo berritasuna igande goizean kalean programatutako kontzertu sorta izan da. Era arrakastatsuan eta jai giroan.
Pozik joan ziren musikari guztiak izandako entzulegoaren erantzunarekin, bertako janariarekin, jasotako tratuarekin eta herria bera ere gustatu zaielako (very nice). Gauza bera etorritako bisitariekin. Orokorrean, giro ona eta alaia oso. Eguraldia lagun.
Ez dugu ahaztu nahi (Txabi Labaien beti gure bihotzean) teknikariek egindako lana (Peio, Juanbau eta Xabi): soinu garbia, kalitatezkoa eta edozein arazo konpontzeko prest. Herriko brigada ahaztu gabe, ederto bete baitzuten bere lana jokalekuak muntatzeko orduan. Udala, beti bezala, lagun.
Aipatzekoa dugu Musika Eskolak egindako ahalegina: aurten euren funtzioari beste zentzu bat eman zioten Bluesaren historia kontatuz eta kantatuz aurkezle entretenigarriaren partaidetzarekin. 50 ikasle-irakaslek hartu zuten parte eta datorren urterako jarraipena agindu dute. Milesker Nagore, Domentx, Aitor eta beste guztioi egindako lanagatik.
Muga goitu egin baita, hemendik aurrera Blues Hotsak kontutan hartzeko izena izango dela Euskal Herriko –eta kanpoko– kalitatezko musikazaleen artean.
Dena den beti dago zer hobetu eta abenduaren 11n hasiko gara 2025eko Blues Hotsak jaialdiaren antolaketa lanetan.
Milesker aurtengoa ere posible egin duzuen guztioi!"
Oharra: Abenduaren 11ko bilera arratsaldeko 16:00etan hasiko da parte hartu duten tabernekin aurtengo edizioaren balorazioa eginez eta 16:30ean, hurrengo edizioan parte hartu nahi duten taberna guztiak daude gonbidatuta, 2025koa prestatzeko. Bilera Kalebarren 8 lokalean izango da.