Adineko emakumeengan jarri zuten begirada pentsiodunen elkartekoek

Ubane Madera Zangitu 2024ko aza. 28a, 10:01

Astelehen honetan izan den Indarkeria Matxistaren Kontrako eguna baliatuta, emakume adinduengan jarri zuen iparra pentsiodunen mugimenduak, besteak beste, salatuz indarkeria mota asko pairatzen dituztela, fisikoa, psikologikoa zein ekonomikoa. Halaber, salatu zuten “emakumeen aurkako indarkeria mendekotasun-egoera baten ondorioa” dela. 

Aste honetan, emakume adinduak izan dira protagonista pentsiodun mugimenduaren aldarrikapenetan. Azaroaren 25a baliatu eta emakume nagusi askok pairatzen duten indarkeria mota askotarikoak salatu zituzten: “umiliazioak, laidoak, zabarkeria eta abandonua, diruaren kontrola, sexu-abusuak... baita hilketa ere”. 

Horrekin batera, “indarkeria ekonomikoa” izan zuten hizpide, hori ere pairatzen baitute emakume nagusi askok, “adineko emakume asko ezin direnean hilaren amaierara iritsi dituzten diru-sarrera kaskarrekin”. 

Pentsioen osagarria emakumeendako mesede

Ildo beretik, gogora ekarri zuten “pentsio txikiagoak” jasotzen dituztenak emakumeak direla eta besteak beste, gogora ekarri zuten Legebiltzarrean aurkeztu duten Herri Ekimen Legegilearekin, justu pentsioen osagarria nahi dutela lortu, “gutxieneko pentsioa Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren ehuneko 100arekin parekatuz. Osagarri hori banaka jasoko da, eta horrek, zalantzarik gabe, emakumeei eragingo die nagusiki”, adierazi zuten.

Hori bai, azpimarra jarri zuten, baita ere, mobilizatzeko beharra dagoela, “egoera hori ez da aldatuko baldin eta mobilizatzen ez bagara, kontra egiten ez badugu, indar guztiekin borrokatzen ez bagara eta kaleetan ez bagaude”.