Barikuan, goi mailako pilota partidak ikusgai izango dira Araneko frontoian. Emakume Master Cup-en txapeldun izan diren Amaia Aldai dimarra eta Miriam Arrillaga aginagarra izango dira kantxaratzen lehenak. Biek ala biek lau t’erdian neurtuko dituzte indarrak, 21:00etan hasita.
Nesken ondoren, Promesa mailako gazteak kantxaratuko dira, haiek eskuz binakakoa jokatzera. Lehian izango dira Harkaitz Murua eta Nico Fernandez bikotea Ibon Ibarra eta Eñaut Moto bikotearen kontra. Kasu horretan, irabazleek abenduaren 7an jokatuko dute finalerdia.
Nagusiak
Jaialdia Nagusi mailakoen eskuz binakakoarekin borobilduko dute. Iker Egigurenek eta Jon Lazkozek osatutako bikoteak aurrez aurre izango du Jorge Fernandezek eta Unax Landak osatutako bikotea. Kasu horretan, finalerdia abenduaren 14an jokatuko da, Tolosan.
Eta maila guztietako finalak Zumarragan izango dira, abenduaren 28an.