Barikuan itxi zuten Debabarrena Berritzen programaren II. edizioa, erakundeetako ordezkaritza zabalarekin. 2023ko urrian abiatu zen edizio hori, Elgoibarko eta Soraluzeko 24 gazteri enplegurako aukerak emateko helburuarekin. Programaren bitartez, langabezian zeuden 16 eta 30 urteko gazte horiei formazioa, lan-orientazioa eta kontratazio ibilbidea eman zaie.
Lokalak homologatu
Ikasleek Soraluzeko zein Elgoibarko udalek lagatako Olaldeako eta Olasogaingo lokalak eraberritu dituzte, zerbitzu guneak, biltegia, aldagelak, irakasleen gelak eta bulegoa eta prestakuntza emateko hainbat gela sortuz.
Hartara, prestakuntza teorikoa eta teknikoa landu, eta, programaren hirugarren fasean, txandakako prestakuntza kontratua izan dute, 10 hilabetez. Halaber, langabezian zeuden gazte horiek eraberritutako lokalak homologatu egin ditu Lanbidek, bertan, eraikuntza, garbiketa, merkataritza eta beste hainbat arlotako programak garatzeko.
Ordezkaritza zabala
Bada, barikuko ekitaldian egin zuten ikasleei diplomak banatzeko ekitaldia eta programa ixteko ekitaldi jendetsua. Lehenengo Elgoibarren izan ziren eta Soraluzen gero. Ekitaldietan erakundeetako ordezkaritza zabala izan zen: Unai Larreategi, Soraluzeko alkatea; Ion Zubiaurre, Elgoibarko Udaleko Hirigintza zinegotzia; Juan Carlos Abascal, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza eta Hiri Agendako sailburuordea; Enrique J. Ramos Vispo, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Saileko aholkularia; Koldo Peciña, Gipuzkoako Foru Aldundiko Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia; Josune Gardoki, Elgoibarko Lanbideko zuzendaria; Juan Ángel Balbás, Debegesako Zuzendari nagusia; Elena Alonso, Debegesako Enplegu eta Gizarte Berrikuntza Saileko teknikaria; Asier Quintana, Edukeibar-eko zuzendaria eta Javier Jimenez eta Mari Mar Jimenez, Kalexkako ordezkariak.
Lankidetzaren garrantzia
Elena Alonso Debegesako Enplegu eta Gizarte Berrikuntza saileko arduradunak azpimarratu zuenez, “lankidetza-gobernantzaren eredu berriaren adibide argia da” Debabarrena Berritzen. Hirugarren sektoreko erakundeek eta instituzioek hainbat diziplinatako proiektuetan parte hartzen dute bertan eta zentzu horretan, Debabarreneko Gizarteratze Sarearen garrantzia azpimarratu zuen, “lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonak laneratzeko lanetan aritzen” diren agenteek parte hartzen duten sarea.
Ildo beretik jo zuen Ion Zubiaurre Elgoibarko Hirigintza zinegotziak, erakundeen arteko lankidetzaren
garrantzia azpimarratuz.
Soraluzeko alkateak, berriz, halako proiektuetan jarri zuen iparra eta bide beretik lanean segitzeko asmoa mahai-gaineratu zuen: “Bai langabezian dauden gazteen laneratzea bultzatuz benetako beharra duten sektoreetan, bai birgaitzeko beharra duten hiri-espazioak biziberrituz, Soraluzeko Udalak administrazio eta gizarte erakundeekin elkarlanean jarraituko du balio eta helburu horiek bultzatzeko proiektu berriak sortzen”.
13 proiektu, 4 milioi euro
Bestalde, Koldo Peciña Gipuzkoako Foru Aldundiaren Proiektu Estrategikoen zuzendariak Soraluzen landu den proiektuaren balioa nabarmendu zuen, batetik, eskualdeko ikuspuntua lantzen duelako bestetik, elkarlanean “garatzen” delako eta hirugarrenik, bazterketa egoeran dauden pertsonei “enplegua lortu eta bizitza proiektu duin bat garatu ahal izateko” aukera eskaintzen duelako. Ildo beretik, jakinarazi zuen aurten halako ibilbide pertsonalizatuak eskaini nahi dizkietela 705 pertsonari.
Azkenik, programaren hirugarren fasearekin lotutako kontratazioari edo txandakako prestakuntzari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Inklusio saileko aholkulari Enrique Ramosek azaldu zuen orain arte, EAEn halako 13 proiektu finantzatu direla, “zortzi Gipuzkoan, lau Bizkaian eta bat Araban, eta guztira 4.492.000 euroko inbertsioa” egin dela azken hiru urteetan.
Pertsonei dagokienez, berriz, “179 pertsonak txandakako prestakuntza-kontratua” lortu dute, “eta pertsona horiek tokiko hainbat gune eta udal-bulego berroneratzeko lan egin dute; ondoren, espazio horiek baliatuko dira, adibidez, Lanbideren prestakuntza-ikastaroak eskaintzeko”, Soraluzekoa kasu.
Jaurlaritzako aholkulariak gaineratutakoaren arabera, “erakunde sustatzaileetatik” jaso duten “feedback-a oso positiboa” izan da, eta, “2025ean jarraitzeko eskaerak” jaso dituzte jada.