21 punturekin, Sorako Infantil A taldea lider da euren multzoan. Bihar, zapatua, jokatuko dute aurtengo txapelketako lehen faseko azken partida, 10:00etan, Mutrikuren kontra Ezoziko futbol zelaian. Baina emaitzak ez du eragingo etxekoen lidergoan, galdu, irabazi ala berdindu, berdin eutsiko baitiote lehen postuari. Emaitza on horiei esker, lehen fasea bukatu eta segidan, Txapeldunen liga jokatuko dute Infantilek.
Iaztik aldaketa handia
Lander Zubizarreta eta Iker Urkiri dira taldeko entrenatzaileak. Azken horrek azpimarratu duenez, taldea “oso-oso ondo” ikusten du aurten. Dio iaztik “garapen handia” egin duela, aldaketa handia, bai “talde modura” eta baita “jokalariek eurek” ere, eta, elkarren artean ondo konpontzen direla.
Gaineratu du kopuru aldetik jokalari justuak dituztela, baina hobe dela hori eta ez gehiegi izan, hartara, jokalariek luzaroago jokatzen baitute partidetan.
Laster hasiko duten Txapeldunen ligari dagokionez, berriz, “irabaztea zaila izango” dela dio, baina, ahaleginduko dira, noski.