- Zer moduz euskal selekzioarekin ? Eta Gipuzkoakoarekin?
- Ondo. Azkenean, txikitatik futbolean jokatzen diharduzu kalean eta lagunekin, lanean ari zara txikitatik eta deitzen dizutenean ohorez hartzen duzu. Eta gainera, ikasi ere egiten da, ze entrenatzaile desberdinak eta jokatzeko modu desberdinak tokatzen da ikastea, jende berria dago…
- Baduzu beste konbokatoriaren bat?
- Laster izango dut berri gehiago.
- Osterantzean, Eibarren diharduzu. Lider zoazte, ezta?
- Bai. Hainbat fase daude. Multzo bakoitzean lehen sailkatzen direnek jokatuko dute beste multzoetako onenekin. Ligan. Iaz oso ondo bukatu genuen, gure Liga irabazi genuen, Gipuzkoako eta Euskadiko txapeldun izan ginen eta banaka, Gipuzkoako selekzioarekin torneo bat jokatzera joan nintzen, Hondarribira.
- Eibarren gustura zaude?
- Bai, oso gustura. Lagunak ere baditut eta oso gustura nago. Futbola ez da bakarrik jokatzea, lagunak egiten dituzu eta ondo pasatzen duzu.
- Gainera, ez zara soraluzetar bakarra…
- Jende gehiago dago. Ni baino nagusiagoak dira baina elkar ezagutzen dugu eta gure artean berba egiten dugu.
- Zelatan hasi zinen futbolari? Zeinek transmititu zizun futbolarekiko zaletasuna?
- Orain jokatzen dudala, ama partidak ikustera etortzen da, anaiari ikustea ere gustatzen zaio eta aitak umetan futbolean bi urtez-edo jokatu zuen eta ikustea gustatzen zitzaion. Amaren aita -aitaiata- oso futbolaria zen eta aitaren partetik oso futbolariak dira, gehienbat nire tio -Manu Sanchez-; entrenatzaile izan zen Bergaran.
- Zure aitaita Sorako kide izan zen, ala?
- Bai, delegatua izan zen -Paco Martinez-.
- Faltan igartzen duzu Soran nesken talde bat?
- Bai, ze kalera irteten zara, gu beti goaz frontoira jokatzera eta dira denak mutilak eta askotan pentsatzen dut ea neska gehiago animatzen den. Asko da beldurrarengatik, ze jendeak berba egiten du eta neska askok beldurra dute.
- Zelan ikusten duzu nesken futbola?
- Geroz eta emakume jokalari gehiago dago, baina oraindik desberdintasun handiak daude mutilen eta nesken artean. Gipuzkoako herri bakoitzeko bi neska hartuz gero, talde sendoa sortuko litzateke, adibidez. Soraluzen, asko jota, bost neska daude futbolean jokatzen dutenak.
- Zer nahiko zenuke lortu futbolarekin?
- Gustatuko litzaidake ahalik eta gehien heltzea. Txikitatik jokatu dudan kirola da; nire lagunek eta ume guztiek dugu amets berdina, futbolari izan.
- Eta futbolarekin ez bada…
- Zoriontsu bizitzea.
- Besterik nahi baduzu esan…
- Emakume gehiago animatzea futbolean jokatzera, beldurrik ez izateko eta ni baino txikiago direnei, ez edukitzeko presarik, lanean segitzeko eta disfrutatzeko. Gauden adinean gaude disfrutatzeko eta ikasteko.