Karakateko Igoeraren 30. ekitaldia jokatuko dute zapatuan

Erredakzioa 2024ko aza. 13a, 11:18

Elisa Chiroquek irabazi zuen iaz, Karakateko Igoeran estreinakoz banatu zuten sari berezia.

Zapatuan jokatuko dute Karakateko Igoera. 11:00etako kanpaiak jotzeaz batera irtengo dira korrikalariak Kalegoen plazako frontoitik, eta bakoitzak nahi duen bidetik, Karakate puntaraino igoko dira. Partaideek tontorrean dagoen puntu geodesikoa ikutzean hartuko dituzte denborak. Testua eta argazkia: Barren.eus

Lau kilometroko ibilbidean 700 metro inguruko gorako desnibel positiboa gainditu beharko dute parte-hartzaileek. Lehenengo gizonezkoak eta emakumezkoak, eta lehenengo emakume zein gizonezko elgoibartarrek izango dute saria, eta baita aurpegi onenarekin iristen den korrikalariak ere. Horrez gain, iaz estreinakoz eman zuten sari berezi bat ere banatuko dute: Morkaikokoek denborari begira saltaka egiten ez duten saltakariak ere Karakateko Igoeran parte hartzera animatu nahi dituzte, eta lehen sailkatuaren denbora bikoizten duen parte-hartzailea ere sarituko dute. "Denborara gehien hurbiltzen dena, pasatu gabe", zehaztu dute. 

Izen ematea doakoa da eta egunean bertan eman ahal izango da izena Kalegoen plazan, 09:30etik 10:45era bitartean. Antolatzaileek 125 partehartzailetan jarri dute muga.

Probako araudiari buruzko xehetasun guztiak morkaiko.eus webgunean

Iazko Karakateko Igoeran Haritz Unamuno bergararra izan zen azkarrena, eta emakumezkoetan Ainhoa Lendinez elgoibartarra. 97 lagunek bukatu zuten proba.

Probako errekorra Iban Muruak ezarri zuen 2017an: 26 minutu eta 17 segundo. Emakumezkoetan Maite Maiorak du errekorra, 2016an ezarria: 31 minutu eta 37 segundoan.

•Azken urteetako irabazleak: