“Gehien duenak gehiago ordaindu” behar duela defendatzen dute pentsiodunek

Ubane Madera Zangitu 2024ko aza. 12a, 11:20

Fiskalitatearen “erreforma sakona” eskatu zuten pentsio publikoen aldeko atzoko elkarretaratzean, “gehien duenak gehiago ordain dezan, dagokion proportzioan”. Gogorarazi zuten, “zerbitzu sozial publiko, unibertsal eta kalitatezkoak bermatzeko diru-sarrera gehiago behar” direla. Ildo beretik, salatu egin zuten energia zerga berezia indargabetzeko lege zuzenketa, EAJren eta Junts-en “jardun politikoa tarteko”. 

Atzoko elkarretaratzean, EAEko diru bilketa izan zuten hizpide. Salatu zutenez, aurreikusitakoa baino 700 milioi gutxiago bilduko da, eta “errua pentsiodunena dela saldu” nahi dute, mutualistei itzulitako dirua tarteko. Baina Pentsiodunen Mugimenduak azpimarratu zuen badirela bestelako arrazoi batzuk bilketa gutxitzearen atzetik, adibidez, BEZaren jaitsiera. "Baina, ez erakundeetako ordezkariek, ez hedabideek, ez dute BEZaren jaitsiera hori aipatzen”. 

Kontuak kontu uste dute “zerbitzu sozial publiko, unibertsal eta kalitatezkoak bermatzeko diru-sarrera gehiago behar” direla eta hori lortzeko “fiskalitatearen erreforma sakona” egin beharra ikusten dute, “gehien duenak gehiago ordain dezan, dagokion proportzioan”.

Ildo beretik, ez dute begi onez ikusi konpainia energetikoei ezarritako zerga indargabetzeko lege zuzenketa onartu izana. Gainera, diote lege zuzenketa horrek “asko leunduko” duela “bankuen irabazitakoei ezarritakoa”. 

Salatu dute hori guztia lortu dela “energia enpresa handiek” egin duten presioarengatik eta “EAJren eta Junts-en jardun politikoarengatik”.