Ander Ariznabarretaren hirukoak irabazi zuen Mendaroko erronka herrikoia

Erredakzioa 2024ko aza. 2a, 08:10

Hiru laguneko hemezortzi talde lehiatu ziren Mendaron gaur zortzi jokatutako herri-erronkan. Guztira 54 lagunek hartu zuten parte, iaz beste, eta Manex Rey (Mendaro), Ander Ariznabarreta (Soraluze) eta Ander Gorostegi (Deba) izan ziren garaile. Irudiak: BARREN.eus

Herriko Enparantzan hasi eta Gaintxipia tontorrera arteko bidea osatu behar zuten parte-hartzaileek, bidean bi errelebo emanda. Talde bakoitzean hiru lagun. Lehenengoek Etxabeko bidegurutzerainoko zatia egin behar zuten, han lagunei erreleboa emateko (1,9 kilometro eta 170 metro positiboko desnibela). Bigarren zatia Etxabetik Berasaluzera artekoa zen (1,9 kilometroko ibilbidea eta 200 metroko desnibela), eta hirugarrena, handik tontorrera artekoa (1,2 kilometro eta 190 metroko desnibela).

09:30ean puntuan irten ziren udaletxe atzetik hemezortzi lagun, eta Alain Soto korrikalaria izan zen Etxabeko bidegurutzera iristen aurrenekoa. Etxaben, Alef Marques izan zen bigarren eta Beñat Kerexeta hirugarren. Bigarren zatian, baina, aldea kendu zien denei Ander Ariznabarreta plazentziatarrak. Etxabera bosgarren iritsi zen Manex Rey taldekidearen eskutik jaso zuen erreleboa Ariznabarretak eta erraz egin zuen bere zatia. Berasaluzera iristen lehenengoa izan zen bera, Julen Bolunburu bigarren eta Patxi Salegi hirugarren.


Ander Ariznabarreta (ezkerretik hasita bigarrena) aurkariekin, erreleboa jaso zain.

Tontorrera arteko bidean kolore gutxi izan zen. Ariznabarreta Berasaluzera aldearekin iritsi eta alde horri eutsi zion haren taldekide Ander Gorostegi debarrak gora arteko zatian. 31:35ko denboran osatu zuten irabazleek (Manex Rey, Ander Ariznabarreta eta Ander Gorostegik) ibilbide osoa. Ia bi minutuko aldea atera zioten bigarren taldeari.


Manex Rey taldekide mendaroarraren eskutik erreleboa jasota.

Lehenengo hiru postuetan sailkatu ziren hiru taldeak eta denborak:

  1. Manex Rey, Ander Ariznabarreta eta  Ander Gorostegi (31 minutu eta 35 segundu)
  2. Nagore Urkiza, Mikel Larrinaga eta Iraitz Ferreira (33 minutu eta hemerezi segundu)
  3. Halef Marques, Ander Garate eta Unai Sanchez (33 minutu eta 50 segundu)


Partaide guztien talde argazkia.

Aurreko erronkak bideoan

Iazko erronka Jon Larrañaga, Kepa Mendikute eta Hodei Ezpeletaren taldeak irabazi zuen, eta aurrenekoan, 2022an, Alain Zulaika, Patxi Salegi eta Ander Gorostegi gailendu ziren.

Lehen bi ekitaldiak, irudietan: