Eguaztenean, inaugurazio musikatu eta jendetsua izan zuen Oi! Bihotz, Ay! Corazón, Oh! Heart Zumetaren erakusketak. Soraluzeko Musika Eskolako Nagore Sanz eta Domentx Uzin musikariek doinuz jantzi zuten eta Alberto Ramirez Oreka Arteko arduradunak eta Maite Quintanilla Kultura zinegotziak erakusketaren oinarri diren zenbait poema irakurri zituzten. Horrez gain, Quintanillak jakinarazi zuen Udalak Zumetaren obra handi bat erosi duela herrirako eta azaroaren 17an, Usoa Zumetak umeei eta familiei zuzendutako arte tailerra eskainiko duela Soraluzen.
Eguazteneko inaugurazioan, udal ordezkariak izan ziren, alkatea barne, baita Mari Jose Telleria Diputazioko Kultura zuzendaria ere eta artisten artean, Yanci, Juan Ayesta, Santi Entrena, Aristi, Tere Goenetxea eta abar izan ziren. Noski, Usoa Zumeta bera ere izan zen ekitaldian, Soraluzera datorren hirugarren aldian.