Blues Hotsak jaialdia

Salgai ipini dituzte Blues Hotsak jaialdirako sarrerak

Egoitz Unamuno 2024ko urr. 31a, 16:46

Jaialdian kolaboratuko duten herriko eragileen ordezkariak.

Blues Hotsak jaialdiaren 11. edizioa azaroaren 18tik 24ra bitartean ospatuko da, egitarau bete-betearekin; kontzertuez gain, literatur eta zinema emanaldiak ere izango dira. Sarrerak, dagoeneko salgai daude Iratxo gozondendan, 12 euroko prezioan. 

Ubane Uzin Errabal Kultur Elkarteko arduradunak nabarmendu duenez, aurtengo jaialdian maila handiko musikari eta taldeek parte hartuko dute, estilo askotarikoak lantzen dituztenak: Bimmenik afrikarra, Santiago Auseron Radio Futurako musikari ohia, Sugar Queen ipar amerikarra.. Gainera, aurten ahalegin berezia egin dute herriko eta bilarako elkarte eta eragileekin elkarlana lantzen eta horren emaitza izango da domekarako, jaialdiaren azken egunerako, prestatu duten egun osorako plana. 

Barikuan, Bimennik eta zapatuan Auseron 

Musika kontzertuei dagokienez, egitaraua azaroaren 22an, bariku iluntzean, abiatuko du J.P. Bimennik Antzokian eskainiko duen emanaldiarekin. Kantaria jatorriz Burundikoa da eta soul klasikoa lantzen du, eragin afrikar eta garaikideekin. 

Hurrengo egunean, zapatuan, egitaraua eguardian abiatuko dute Musika Eskolako ikasleek, ‘Bluesaren historia erritmotik’ emanaldiarekin. Iluntzean, Santiago Auseron etorriko da eta 80ko hamarkadan Radio Futura talde mitikoko kidea ohiak Luces de la Frontera bidaia-kantu eta -errelatoen antologia eskainiko du, gitarraz lagunduta.      

Domekan, egun osorako plana

Domekakoa egitarau berezia izango da. Eguerdiko hamabietan hasita, herriko kaleetan "kontzertu gastronomikoak" eskainiko dituzte tabernen kolaborazioarekin. Hala, elkarren atzetik, lau kaletan lau talderen emanaldiak izango dira: The Fake Cousins, DJ Baltza, The Wilsons Organ Trio, eta La Blues Conpany. Bestalde, Kontrargik, egun horretan egingo duen rallyan, kontzertuak barnebilduko ditu gai moduan eta, aurretik, goizean, Debegesak antolatuta, Dolmenen Ibilbideko bisita gidatu berezi bat egingo da mendigainean (izen-ematea hemen).   

Iluntzean, blues amerikarraren ordua izango da; Chicagotik datorren Sugar Queen taldeak joko du, Michelle Denise kantariaren gidaritzapean.  

Liburua eta filma

Literatura eta zinemak ere izango dute lekua jaialdian. Hala, azaroaren 18an, Lide Hernando idazleak Izotz ura liburua aurkeztuko du KLB8n eta azaroaren 20an, La semilla de son filma proiektatuko dute Antzokian. Biak dute gai nagusitzat musika.  

Sarrera bakoitzeko zuhaitz bat

Kontzertuetarako sarrerak dagoeneko salgai daude 12 euroko prezioan. Aurten, gainera, Errabal kultur elkarteak saldutako sarrera bakoitzeko zuhaitz bat landatzeko dirua bideratuko dio Soraluzeko Baso Biziak elkarteari. 

Bestalde, antolatzaileek umeak zaintzeko debaldeko zerbitzua eskainiko dute, horretarako, 639750781 telefonora idatzi behar da, azaroaren 19a baino lehen.